'Ipurbeltz' antzezlana aurkeztuko dute Markina-Xemeinen
Zapatuan [irailak 7] 18:30ean antzeztuko dute, Arkupe aurrean. Euria egingo balu, Plazaberripean egingo dute emanaldia.
Ameztu Antzerkia eta Imaginaciones Nai konpainiek Ipurbeltz antzezlana aurkeztuko dute zapatuan [irailak 7] 18:30ean, Arkupe aurrean. Jakinarazi dutenez, euria egingo balu, Plazaberripean egingo dute emanaldia. Adin guztientzako euskarazko ikuskizun familiarra da, antzerkia eta zirkua uztartuz indibidualismoa alde batera uzteko helburua duena.
David Gutierrez eta Unai Saenz gasteiztarren lana da. Sortzaileek “adin guztientzako aniztasun istorio bat” dela azaldu dute: “Pertsona asko bizi gara munduan, eta bakoitzak kolore ezberdin batekin ikusten ditugu gauzak, gure kolorea zuzena dela eta gainerakoak oker daudela sinetsiz”. Horixe bera gertatzen zaie istorioaren protagonistei, Zuhaitz eta Arbiri: “Ez dute bestearen ikuspuntua ulertzen, eta elkarri barre egiten diote”.
Jolasaren, umorearen eta errespetuaren bidez, kolore eta ideia guztiak ulertuko dituztela adierazi dute. Euskara hutsezko ikuskizuna da Ipurbeltz, 50 minututan zehar zirkua, antzerkia eta txotxongiloak uztartzen dituena, familia osoaren gozamenerako. “Pandemiaren ondorioz indibidualismoak aurrera egin du, eta guk argi geneukan zer kontatu nahi genuen. Pertsonai bakoitzak mundua kolore batez ikusten du, Arbik morez eta Zuhaitzek berdez; baina azkenean konturatzen dira kolore horiek haien artean konpartituz gero, mundua askoz ere ederragoa dela, munduak kolore asko dituelako”.