Lea-Artibai eta Mutriku zesta-puntaren munduko erreferente
Iruñeak hartu du azken egunotan 22 urte azpiko Munduko Pilota Txapelketa, eta zesta-puntan urrezko bi domina eta zilarrezko beste bat eskualdera etorri dira.
Jakina da Lea-Artibain eta Mutrikun zesta-puntarekiko dagoen zaletasuna, baina hori baino askoz gehiago da, dagoeneko erreferente da, ez bakarrik Euskal Herrian, baita munduan ere. Azken egunotan 22 urte azpiko Munduko Pilota Txapelketak hartu ditu Iruñako Labrit pilotalekuak. Bertan erakutsi dute inguruko puntistek duten indarra. Bigarren urtez jarraian gainera.
Emakumezkoetan, erabateko nagusitasuna erakutsi dute eskualdeko puntistek, finalean sartu dira denak ala denak. Alde batetik, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak, beste alde batetik, Elaia Gojenola berriatuarra eta Oaia Otaño mutrikuarra. Elkarren aurka jokatuta erabaki zen multzokako faseko lehen postua, 15-9 eta 15-11 nagusitu ziren markina-xemeindarrak. Finalaurrekorik gabe, finalean berriro jokatu zuten elkarren aurka. Ostera ere, ez zen ezustekorik egon eta faboritoek eta iazko txapeldunek, ostera ere urrezko domina eskegi zuten: 15-11 eta 15-4.
Gizonezkoetan, berriz, aurten bakarka aritu dira. Hori bai, emaitza ez da aldatu, Eñaut Urreisti mutrikuarrak pronostikoak bete zituen eta urrezko domina eskuratu zuen bigarren urtez jarraian. Lehen fasean Libois frantziarra eta Carvajal mexikarra bi setetan gainditu zituen. Finalaurrekoetan Bonnin frantziarraren aurka ere nagusitasunez lortu zuen finalerako txartela: 15-4 eta 15-9. gonzalo Agirre zumaiarraren kontra neurtu zituen indarrak. Aurrelari mutrikuarra sasoiko eta konfiantzaz betetan dagoela erakutsi zuen eta 15-9 eta 15-9 gailendu zen.