Dzunba dzunba taldeak irabazi du Lekeitioko sanantolinetako 28. Paella Txapelketa
58 puntu eskuratu ditu talde irabazlearen paellak. Bigarren eta hirugarren postuetan, berriz, Geutarrak eta Atrapo geratu dira. Lekittoko Txosna Batzordeak domeka [irailak 1] gauean emandako hainbat eraso salatu ditu.
San Antolin jaietako hirugarren egunean eguraldiak lagundu ez duen arren, herritarrek ez dute hutsik egin 28. Paella Txapelketan. Goizeko 10:00etarako elkartu dira denak plazaren inguruan: batzuk arbolapean ipini dute euren txokoa, beste batzuek elizako atarian eta besteek, txosnetako karparen babespean.
Hala, 54 taldek eman dute izena aurten; iaz baino apur bat gutxiago den arren (iaz 66 taldek parte hartu zuten) antolatzaileek gogorarazi dute iaz domekan egin zutela paella txapelketa. Hori horrela, azkenean 53 izan dira herritarrek aurkeztu dituzten paellak. Bakoitzak bere errezeta eroan du: batzuek mariskodun paella egin dute, besteek okeladuna, barazkiduna ere bai… Izan da paella apaindu duenik ere.
Lagun giroan, 13:30ak jo orduko pozik eroan dituzte denek paellak epaimahaikideen aurrera. Jai batzordeak izendatutako Begoña Akarregi, Mari Kruz Kobeaga eta Peio Hernando izan dira, hain zuzen ere, epaileak. Urduritasuna nagusi, 14:30ak jotzerako banatu dituzte hiru sariak. Dzunba dzunba taldearen paella izan da onena, 58 puntugaz. Bigarren postuan, berriz, Geutarrak taldea geratu da, 56 puntugaz. Podiuma Atrapo taldeak osatu du, 50 puntugaz. Gainera, puntuazio baxuena lortu duen paellari farolillo gorria eman diote: Marujeua taldeak 17 puntu lortu ditu. Ostean, nola ez, paella bazkarian elkartu dira denak.
[PAELLA TXAPELKETAKO EMAITZAK]
Paella txapelketa amaitu bada ere, eguna luzea da oraindik lekeitiarrentzat. 21:30ean Sua taldea igoko da oholtzara, eta euren ostean Esne Beltzaren txanda izango da. Txosnagunean, aldiz, 20:00etan elektrotxaranga eta 00:00 DJ Elepuntogaz emango diote amaiera egunari. Parkeko Gunean, berriz, ur jolasetan aritu dira goizean, eta arratsaldean piragua irteera, eraikuntza tailerra eta txokolatada egingo dituzte, besteak beste.
Erasoak. Lekittoko Txosna Batzordeak jakitera eman duenez, joan den domekan [irailak 1] eraso bat jasan zuten txosnagunean: “Irailaren 1eko gauean, Lekeitioko gazte batzuk labana, makila eta antzeko beste objektu batzuekin joan ziren txosnetara, txosnetan poliziaren presentzia babesteko asmoz, txosnetan bertan zegoen jendea erasotuz. Hau ezin daiteke onartu”.
Hala, Txosna Batzordeak gogorarazi du ez dutela inolako erasorik onartzen txosnagunean: “Indarkeria matxista, arrazista, klasista edo bestelakorik onartzen ez dugun modura, indarkeria poliziala gauzatzen duten oro ere ez dugu nahi txosnagunean”. Gaineratu dutenez, egun berean “gutxienez” beste bost eraso ere eman ziren txosnagunean, eta hori ere salatu egin nahi izan dute.Â
Txosnak “gune seguru eta librea” izatea nahi dutela gogorarazi nahi izan dute: “Hori, denon ardura da. Bai gure burua zainduz, eta baita ezagun eta ezezagunak zainduz ere lortu behar duguna. Zaindu dezagun elkar eta ondo pasa ditzagun sanantolinak!”.