Mendexako Udalak "esker ona" adierazi dio Lekeitioko Udalari
Lekeitioko Udalak ezarritako aparkaleku sistema berriaren aurrean, Mendexako Udalak "eskerrak" eman dizkio Mendexa eta mendexarrak kontuan izateagatik. Elkarlanean jarraitzeko nahia ere adierazi du.
Udan zehar pil-pilean egon den gaia izan da Lekeitioko aparkaleku sistema berriarena. Gaiaren inguruan iritzi kontrajarriak egon arren Lekeitio inguruko udalerri txikiek “esker ona” adierazi zioten Lekeitioko Udalari euren “beharrak” kontuan izateagatik. Oraingoan, Mendexako Udala izan da esker oneko mezuak helarazi dizkiona: “Mila esker aparkaleku sistema berriaren diseinuan Mendexa eta mendexarrak kontuan izan dituzuelako. Aurten, erosketak egitea, osasun zentrora joatea, nahiz ezinbestean Lekeition egin behar ditugun egunerokotasuneko gauzak egitea bideragarria izan da”.
Inguruko herri txikiak aintzakotzat hartu eta lekeitiarrek duten besteko eskubidea ematearen inguruan iritzi desberdinak egon direla aipatu du Mendexako Udalak, eta “begi txarrez” ikusi dutenak ere badaudela: “Jakin badakigu edozein aldaketak sortzen dituela hamaika kezka eta zalantza. Edozein aldaketaren aurrean balorazioa egin behar dela ere badakigu. Balorazio horretan kontuan izan dezazue gure beharrak kontuan izan eta gure egunerokotasuna erraztu izana eskertzen dugula. Batzuk zalantzan jarri dute erabaki hau, baina jaiak pasatzen direnean agerian geldituko da nortzun garen eta zein den inguruko herri txikiok Lekeitiori egiten dugun ekarpena. Gu hemen geldituko gara, gure haurrak eskolara eramango ditugu, erosketak egitera jatsiko gara, egunkaria erostera eta tabernara zerbait hartzera”. Beraz, guzti hori kontuan hartzeagatik eskerrak eman dio Mendexako Udalak Lekeitiokoari: “Bizitza erraztu eta elkar zaintza sustatzen dituzten udalerriak nahi eta behar ditugu. Jarrai dezagun bide horretan elkarlanean“.