Mutriku Sokatira Taldea Mannheimeko Munduko Txapelketara bidean
Irailaren 5etik [eguena] 8ra [domeka] bitartean lehiatuko du Mutriku Sokatira Taldeak Munduko Lur gaineko Sokatira Txapelketa.
Gaur [irailak 3] abiatu dira Alemaniako Mannheim hirira Mutriku Sokatira Taldeko kideak, eta bertan lehiatuko dute Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa, irailaren 5etik [eguna] 8ra [domeka] bitartean. “Urtero joan izan da Mutriku Sokatira Taldea kanpoko txapelketetara. Aurten, 25 urteren ondoren, berriro osatu dugu nesken taldea eta lehenengo aldia izango da esperientzia hau biziko duguna”.
Bihar [irailak 4] pisaketa izango dute eta eguenean [irailak 5] hasiko dira txapelketagaz. Taldeka tiratuko dute eguenean [irailak 5] eta barikuan [irailak 6], pisu ezberdinetan, emakumezkoen taldeak zein gizonezkoenak. Eguen [irailak 5] goizean Mutriku Sokatira Taldeko emakumezkoak 540 kiloko mailan ariko dira eta gizonezkoak 560 kilokoan. Horrez gain, 520 kiloko mistoa ere jokatuko dute, 19 urtez azpikoek. Arratsaldean emakume zein gizonezkoek, modu mistoan 580 kiloko mailan parte hartuko dute, 23 urtez azpiko emakumezkoek 500 kilokoan eta 23 urtez azpiko gizonezkoek 600 kilokoan. Bariku [irailak 6] goizean gizonezkoak 680 kilotan ibiliko dira eta emakumezkoak 500 kilotan. Horrez gain, 19 urtez azpiko gizonezkoek 560 kiloko tiraldia ere izango dute. Arratsaldean, gizonezkoak 640 kiloko mailan ariko dira, 23 urtez azpikoak modu mistoan lehiatuko dute, 560 kilotan eta 19 urtez azpiko emakumezkoak 480 kiloko lehia izango dute.
Horrez gain, asteburuan nazioarteko txapelketak izango dituzte eta bertan Mutriku Sokatira Taldeko kideek ere parte hartuko dute. Selekzioen arteko lehia izango da asteburukoa eta Euskal Selekzioak ere bere ordezkaritza izango du. Mailak aurreko bi egunetako berdinak izango dira baina Mutriku Sokatira Taldeko kideek hiru mailatan hartuko dute parte. Zapatu [irailak 7] goizean emakumezkoen 540 kiloko mailaren txanda izango da eta Mutrikuko Sokatira Taldeko sei kide ariko dira bertan. Arratsaldean, 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kiloko mailan, zazpi taldekide egongo dira Euskal Selekzioa ordezkatzen, eta domekan [irailak 8] gizonezkoen 680 kiloko mailan, beste sei kidek lehiatuko dute.
Taldekide batzuk ezin izango dute Alemaniara bidaiatu, arrazoi pertsonalak direla medio: “Taldekide batzuk ezin izan dira etorri eta beste hiru lagun furgonetan abiatu ziren atzo [irailak 2], material guztiarekin. Beraz, taldekide batzuk falta zaizkigu”.
“Gogotsu” bezain “urduri” daude Mutriku Sokatira Taldeko kideak, aurrean daukaten esperientzia gozatzeko prest: “Nesken taldea aurten hasi da eta gogotsu gaude Euskal Herritik irten eta mundu mailako beste taldeekin lehiatzeko. Urte guztiko lanaren isla izango da txapelketa hau. Oso txapelketa sutsua izaten da, goiz eta arratsaldez izaten baititugu tiraldiak, baina ikastea, esperientzia berriak bizitzea eta gozatzea izango dira gure helburu nagusiak. Esan genezake, mugarri bat dela guretzako eta ilusio handiarekin goaz”.