Antzar bezpera, musika tresna artean
Parkeko Gunean musika tresnak sortzeko tailerra egin dute umeek. Biharko [irailak 5] Antzar jaian 104 ontzik parte hartuko dute, iaz baino zazpi gehiagok. Lekeitioko Udalak herrira joateko garraio publikoa erabiltzea gomendatu du.
Irudimena martxan ipini dute gaur lekeitiarrek. San Antolin jaiak aurrera doaz, eta jaietako egun handia bihar [irailak 5] izango den arren, gaur ere eduki dute zer egina. Eguerdia jo orduko Parkeko Gunean elkartu dira hainbat herritar, musika tresnak egiten ikasteko asmoz.Â
Hodiak, botilak, garbantzuak, koloretako zintak… denak airean ibili dituzte umeek euren musika tresnak sortzeko. Lagunen edo familiko kideen laguntzagaz bakoitzak bere erara moldatu du Parkeko Guneko kideek eroandako materiala, eta musika tresna koloretsuak egin dituzte umeek. Hala, ia prest daude arratsaldean egingo duten kalejirarako. 17:00etan serigrafia tailerra egingo dute Parkeko Bandaren kamisetak egin ahal izateko, eta 18:00etan kalera irtengo dira, gainontzeko herritarrei euren lanak erakustera.
Kirolzaleak direnek ere badute zer egina arratsaldean. 16:30ean, esaterako, Zapaterito pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte Akarregi frontoian, eta ostean, emakumezko afizionatuen binakako plaza libre desafioa egongo da. 19:00etan, berriz, Lekeitio Futbol Taldearen txanda izango da: Artibairen aurka jokatuko du.
Kultur ekintzak nahiago dituztenek, ostera, iluntzean izango dute horretarako tartea. 21:00etan II. San Antolinetako Correfoc-a antolatu dute Lekittoko Deabruek. Hala, Herrialde Katalanetan tradiziozkoa den ekimena ekarriko dute Lekeitiora eta suzko ikuskizunagaz gozatu ahalko dute herritarrek. Ostean, 32. Play Back saioa egongo da plazan, Markesen alaben eskutik.
Antzar Egunerako, dena prest. Gaur [irailak 4] 10:00etatik 13:00etara egin dute Antzar Jaian parte hartzeko izen ematea, eta guztira 104 izan dira izena eman duten ontziak, iaz baino zazpi gehiago. Horietatik, 84 lekeitiarrak edo eskualdekoak izango dira eta 20 kanpotarrak. Hala, bihar [irailak 5] 16:00etan hasiko da Antzar jaia, eta aurtengoan antzara berriak estreinatuko dituzte: “Aurten gomazko antzaren lepo berriak erosi dira, laburragoak eta buru handiagoarekin, antzara harrapatzaileek horrela eskatuta. Horrez gain, bi antzara berri ere erosi dira, aldaketetan denbora guxiago galtzeko”.
Lekeitioko Udalak jakinarazi du jende pilaketen aurreikuspenaren aurrean herriko sarreretako zirkulazioa mugatuko dutela 11:00etatik 20:00etara. Herrian garajea dutenek edo gune berdean aparkatzeko baimena dutenek Artadi auzotik sartu ahalko dira, aparkalekuak bete arte. Gainontzeko kasuetan aparkalekuak bete arte sartu ahalko da herrira. Hori horrela, udalak jakinarazi du autobus zerbitzua egongo dela hainbat herritatik, eta garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute. Era berean, Lea-Artibaiko herrietatik Gababus zerbitzua ere egongo dela gogorarazi dute.Â
Bestalde, Puntu Morea egongo da udaletxeko eskailera aurrean, 10:00etatik 02:00etara bitartean. Era berean, Portuko Txosnetan ere eraso matxisten kontrako protokoloa egongo da: erasoak salatzeko telefono zenbakia 622 79 03 62 izango da, eta jai guztietan egongo da martxan.