"Nortasunez eta lotsagabe" datoz aurtengo Samikolla auzoko jaiak
Mutrikuko Samikolla auzoko jaietako 'Gu gara gu' abestia eta bideoklipa argitaratu dute gaur [irailak 4]. Zapatuan [irailak 7] eta martitzenean [irailak 10] ospatuko dituzte jaiak.

Palmondoa ikur eta tropikaltasuna ereserki, “karibe euskalduna” bihurtu du Mutrikuko Samikolla auzoa gaur argitaratu berri den Gu gara gu abestiak. Jaietarako hiru egun gelditzen diren honetan “gogotsu” daude Jai Batzordeko kideak, Burumenditik Arnora arteko txokoari kolorea eman eta auzoa dantzan jartzeko.
Zapatuan [irailak 7] erraldoi eta buruhandien kalejirarekin emango diote hasiera egunari, eta egun guztian zehar egitarau biribilarekin gozatzeko aukera izango dute auzotarrek. Eguerdian irekiko dituzte txosnak eta gaztetxoenek puzgarrietan jolasteko aukera izango dute. 13:00etan txupinazoaren txanda izango da, brindisarekin batera, jaiei ofizialki hasiera emanez. Jarraian, jaietarako zabaldu berri duten “Gu gara gu” abestiaren aurkezpena egongo da. 14:00etan bazkarian bilduko dira auzotarrak eta eztarriak berotu ondoren, bazkalostean, abestien ordua izango da. 17:30ean umeentzako herri kirolak egongo dira eta ostean, karaokea.
22:30ean emango diote hasiera kontzertuei eta Bad Sound System izango da oholtzara igoko den taldea, izan ere, taldeko abeslaria izan da jaietako abestiari ahotsa jarri dion protagonistetako bat. Egun guztiko egitarauaz amaitzeko, Bob Lion Sounden txanda izango da.
San Nikolas egunarekin [irailak 10] amaituko dira Samikolla auzoko jaiak. 11:00etan mezarekin hasi eta txorizo eta saldarekin tripa bete ondoren zozketarekin batera datorren urteko jaiei begira jarriko dira Samikollako Jai Batzordeko kideak.
Gu gara gu. “Nortasunez eta lotsa gabe”, horrela deskribatzen du Samikolla auzoaren izaera Axular Arizmendi mutrikuarrak AME estudioan egindako Gu gara gu abestiak. Iñigo Arrizabalagak osatutako hitzei Esne Beltza taldeko Xabi Solanok eta Bad Sound Systemeko Iñaki Otxandorenak, Morok, jarri diote ahotsa eta gainera, Otxondorena izan da raparen zatiko letra egin duena. Abeslariaz gain, beste hainbat musikarik ere hartu dute parte: Iñaki Mugika, Zigor (DZ), Jon Viejo (Jonvi), Enrike Olveira, Francisco Carreira, Paxkan Etxepare eta Axular Arizmendi. Bideoklipari dagokionez, Aritz Larrea (Begipuntuan) arduratu da bideoaren grabaketa eta edizioarekin eta Eneko Elezgarai (Akerbeltz) kolorearen edizioarekin. Horrez gain, auzoko ume, gazte eta nagusiek ere parte hartu dute abestian eta bideoklipean. Gainera, aurten, berrikuntza gehiagorekin ere badatoz. Abestiaren eta bideokliparen haria jarraituz egin du Malen Pazos auzotarrak aurtengo jaietako kartela, palmondoa ezkerrean eta koloreak erdian dituela.
EGITARAUA
Zapatua, irailak 7.
- 12.00. Erraldoi eta buruhandien kalejira. Goiko Plazatik Samikollara.
- Ondoren. Txosna irekiera eta puzgarriak.
- 13.00. Txupinazoa eta brindisa.
- Jarraian. Jaietako abestiaren aurkezpena.
- 14.30. Auzo Bazkaria.
- Bazkalostean. Abesteko unea.
- 17:30. Herri kirolak umeentzat.
- Jarraian. Karaokea.
- 22.30. Bad Sound System.
- Bukatzeko. Bob Lion Sound (DJ Gambia Hernani)
Martitzena, irailak 10.
- 11.00. Meza ermitan.
- Ondoren. Salda eta Txorizoa.
- Amaitzeko. Errifen zozketa.