BI-3448 errepidea zabaltzeari lehentasuna emateko eskatu dute
Aulesti eta Markina-Xemein lotzen dituen errepidea konpontzeko eskatu dute aulestiarrek, gaur eguerdian eman duten prentsaurrekoan. Sinadurak batzen hasi dira, eta Santa Eufemia egunez elkarretaratzean batzeko deia zabaldu dute.
“Ezinbestekoa da errepidearen erabiltzaileen segurtasunerako BI-3448 errepidea zabaltzeari lehentasuna ematea”. Eskaria argia da, eta horrela adierazi dute Herri txikiak bizirik dinamikaren kideek gaur eguerdian [irailak 7] Aulestin egindako agerraldian. Deialdiak erantzun zabala eduki du, jende asko elkartu baita Torrezelain.
Herritar talde horren helburu nagusia Aulesti “bizirik eta bizi” mantentzea da, eta horretarako eurenganatu dute Herri txikiak bizirik! lelo ezaguna, eta iragarri dutenez, horren aterpean egingo dute datozen hilabeteetako kanpaina ere. Hain zuzen ere, Aulesti bizirik eta bizi mantentze horren baitan kokatzen dute Aulesti eta Markina-Xemein udalerrien arteko errepidea zabaltzeko eskaera.
Konponbide eske kalera atera dira, horretarako data zehatz eta leku egokian. Torrezelain batu dira eguerdian, BI-3448 errepidea hasten den lekuan, eta ikasturte hasiera aukeratu dute, errepide hori delako, besteak beste, egunero hainbat beharginek ez ezik, astelehenetik barikura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek Markina-Xemeingo hezkuntza zentrora joateko erabiltzen dutena.
“Aulestiarrok Markina-Xemeinera joateko daukagun aukera bakarra auto partikularrez joatea da. 8 kilometrok banatu eta hainbat gauzak batu arren, ez daukagu garraio publikorik bertara joateko”.
Hain zuzen ere, herritar askok eta askok egiten dituzte joan-etorriak aipatutako errepide horretatik. Markina-Xemein, Etxebarria, Mallabia eta inguruko lantegietara beharrera joateko, administrazio-izapideak egiteko, erosketak egiteko… erabiltzen dute errepidea aulestiarrek. “Egoera txarrean dago, eta errepide estua” da, eta beraz, erabiltzaile denen segurtasuna bermatzeko konpontzea eskatzen dute: “Aulestiarrok Markina-Xemeinera joateko daukagun aukera bakarra auto partikularrez joatea da. 8 kilometrok banatu eta hainbat gauzak batu arren, ez daukagu garraio publikorik bertara joateko. Autoz joatea da aukera bakarra, baina errepidea oso estua da; ez dauka erdiko markarik, ez bazterbiderik”. Gainera, kamioiekin gurutzatu behar izaten dute sarritan: “Den errepiderako, bertatik dabilen trafikoa handia da. Harrobiak bidearen magaletan kokatzen dira, eta kamioi astunen joan-etorria handia da. Bitartean, herriko etorkizuna autobusean dabil egunero, hau da, 12 urtetik aurrerako ume eta gazteak bide horretatik ibiltzen dira egunero, DBH bertan gauzatu behar baitute, halabeharrez, eta ondorengo ikasketak ere askotan bertan jarraitzen dituzte”. Gogoratu dute Artibaigaz lotzeko Markina-Xemein dela “abiapuntua”, baita Durangaldeagaz konektatzeko bidea ere: “Azken batean, Markina-Xemein eskualdearen erdigune da”.
Aldarria lau haizetara zabaldu, eta ahalik eta indar gehien biltzea da euren asmoa, eta horretarako, datozen hileetarako hainbat ekintza aurreikusi dituzte: “Guri presioa egitea dagokigu, eta prozesu honetan inguruko herrietako herritarren babesa ere ondo etorria izango da”. Hain zuzen ere, inguruetako udalerrietako biztanleak ere hurbildu dira gaurko agerraldira.
Sinadurak batzen hasi dira gaur, eta horiek Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztuko dituzte. “Azaroaren 30era bitartean sinadura bilketari ekingo diogu. Ondoren, errepidea zabaltzeko eskumena daukan instituziora joango gara, hau da, Bizkaiko Foru Aldundira, sinadurak aurkeztu eta gure premia azaltzera”. Era berean, atzo eta gaur kamisetak saltzen aritu dira eta datozen egunetan ere eskuratu ahalko direla esan dute. Herriko jaien barruan, berriz, elkarretaratzea deituko dute Santa Eufemi egunez, irailaren 16an; 13:30ean Urregarai zelaian batuko dira.