Leartiker zentro teknologikoak Lamipoc proiektua gidatu du
Helburu izan dute gailu mikrofluidikoak masan ekoizteko aukera azkarrago eta merkeago bat eskaintzea.
Leartiker zentro teknologikoak Lamipoc proiektua gidatu du Frantziako Alphanov eta Nafarroako OFS Plastic ikerketa zentroen laguntzagaz. 2023ko martxoan hasi zuten proiektua eta helburua izan da gailu mikrofluidikoak masan ekoizteko aukera azkarrago eta merkeago bat eskaintzea. Hau da, besteak beste, gaixotasunak goiz detektatzeko teknologiak garatzeko gailuekin lan egitea.
Leartiker eragile aditua da diagnostiko azkarreko eta medikuntza birsortzaileko arloei lotutako materialetan eta prozesuetan, eta bere ezagutza zientifikoa eskaintzen die osasun arloko eragile askori. Azterketak frogatu du laser femtosegundoaren teknologia potentzial handiko alternatiba dela gailu mikrofluidikoak masan fabrikatzeko, fabrikazio denborak eta kostuak nabarmen murriztu baitira ohiko teknikekin alderatuta.
Mikrofluidika diziplina anitzeko teknologia da, eta fisika, kimika, ingeniaritza eta bioteknologiako ezagutzak biltzen ditu. Zientziaren arlo honek fluidoek mikroeskalan duten portaera aztertzen du, fluido kantitate txikiak erabiltzen dituzten osagaiak diseinatzeko aukera emanez, eta, modu horretan, haien manipulazioa sinplifikatuz.