Lea-Artibai Klasikoak ostera ere errepideak hartuko ditu
Eguenera arte [irailak 12] luzatu dute izena emateko epea, domekan [irailak 15] azken orduan izena eman badaiteke ere.
Markina-Xemeingo, Lekeitioko eta Berriatuako Txirrindulari Elkarteek VI. Lea-Artibai Klasikoa antolatu dute. Oiz mendiaren babespean Munitibarrek hartuko du aurten lasterketaren hasiera. Inguruko errepideetan barrena Urdaibai Biosfera zeharkatuko dute txirrindulariek, itsas ertzari itsatsita dauden kilometroetatik igaro eta Bizkaiko Behatokian gora-behera ibili ondoren, berriro Munitibarrera heltzeraino.
Bi ibilbide antolatu dituzte: ibilbide laburrak 77 kilometro eta 1323 metroko desnibela izango duen bitartean, ibilbide luzeak 118 kilometroko eta 2193 metroko desnibela izango du. Aurtengoan, lehenengoz, irtezeko ere bi ordutegi zehaztu dituzte. Antolatzaileen esanez, “txirrindularien abiadura ezberdinak trafikoan izan ditzaken arazoak ekiditeko” helburuagaz. Beraz, astiroago joan nahi dutenak 8.30etan irtengo dira eta bizkorrago ibiltzeko asmoa dutenek 9.00etan izango dute irtetzeko aukera. Amaitzean parte hartzaileentzako eskualdeko jakiekin prestatutako pintxoak jarriko dituzte eta eskualdeko produktu ezberdinekin osatutako saskiak zozketatuko dituzte baita ere.
Izena emateko epea zabalik dago oraindik, eguenera arte [irailak 12] luzatu baitute: ibilbide laburra 35 euroren truke eta luzea 40 eurotan. Egunean bertan ere aukera egongo da 08:15ak arte, 40 eta 45 eurotan, hurrenez hurren. “Ausartu, animatu eta etorri. Horrela Lea Artibai eskualdean inguruan ezkutatuta dauden altxor naturalak ezagutzeko aukera izango duzu” adierazi dute antolatzaileek.