Samikollako jaiak, guztiontzako abagune
Adin guztietako jendean pentsatuta antolatzen ditu Jai Batzordeak Samikolla auzoko jaiak urtero. Aurten, berritasun modura, plaza "tropikal estiloan apaindu" dute, eta beste behin, jendez gainezka egon da auzoa goizaldera arte.
Zapatuan, egun guztiko egitarau borobilaz disfrutatu zuten Samikolla auzoan, eta gaur ere, goiz girotsua izan dute. Berritasunez josita etorri dira aurten Samikolla auzoko jaiak, alegia. Alde batetik, kartela eta tematika aldatu dituztela aipatu dute: “14 urtetan zehar Iñigo Andonegik egindako kartela erabili izan dugu, aurton, ordea, Malen Pazosena izan da kartelaren diseinua”. Tropikal estiloa nagusitu zen plazan, eta berau “argitxoz bete” zuten. Auzoaren onarpena izugarria izan da aurtengoa, eta horrekiko eskertuta agertu dira jai batzordeko kideak.
Berritasunekin jarraituz, aurten, abesti bat atera dute, eta harrera itzela izan duela aipatu du letraren sortzailea den Iñigo Arrizabalagak: “Youtubera igo genuen, eta sare sozialetan ere zabaldu genuen bideoklipa. Itzela izan da ondorengo guztia. Hainbat erreprodukzio eta bidalketa. Auzoak erantzun du. Ondo erantzunda, gainera”. Gu Gara Gu abestia, Axular Arizmendi mutrikuarrak AME estudioan sortua dago. Iñigo Arrizabalagak osatutako hitzei Esne Beltza taldeko Xabi Solanok eta Bad Sound Systemeko Iñaki Otxandorenak, Morok, jarri diote ahotsa eta gainera, Otxondorena izan da raparen zatiko letra egin duena. Abeslariaz gain, beste hainbat musikarik ere hartu dute parte: Iñaki Mugika, Zigor (DZ), Jon Viejo (Jonvi), Enrike Olveira, Francisco Carreira, Paxkan Etxepare eta Axular Arizmendi. Bideoklipari dagokionez, Aritz Larrea (Begipuntuan) arduratu da bideoaren grabaketa eta edizioarekin eta Eneko Elezgarai (Akerbeltz) kolorearen edizioarekin. Horrez gain, auzoko ume, gazte eta nagusiek ere parte hartu dute abestian eta bideoklipean.
Eguraldia lagun izan zuten zapatuan Mutrikun, gainera. Antolatzaileek aipatu dutenez, goizetik jende asko nabaritzen zen plazan, eta hori egun osoko giroaren isla izan zen. Antolatzaileen balorazioa “ezin hobea” da. Giro ona, errespetuzkoa eta herrikoia usaintzen zen auzoan. “Bazkarirako igaz baino jende gutxiago egon ginen arren, 60 bat lagun inguru batu ginen”, adierazi dute pozez.
Herri kirolak eta karaokea. Beste berritasun bat. Herri kirolak eta karaokea jorratu ziren zapatuan, eta biak arrakastatzat jarri ditu Jai batzordeak: “Urterik urte berritasun bat sartzen saiatzen gara, eta aurtengoak nola joan diren ikusirik, horrela jarraituko dugula argi dugu”. “Puntu negatiboren bat aipatzekotan musika taldeekin eta beraien ordutegiekin izandako gora behera esango genuke. Azkenean jarrita zegoena aldatu genuen eta beraien artean orduak trukatu zituzten”, gehitu dute, baina horrek ez zuela jai giroa eten ere aitortu dute jarraian.
Zenbait helburu desberdinen artean, adin guztientzako jendearentzat jaiak prestatzearen aldekoak dira Samikollako Jai Batzordeko kideak, eta horrela egin dute, beste behin ere: Zapatu goizean haurrentzako erraldoiak eta puzgarriak izan ziren auzoan , eguerdian eta gaoizaldera arte musika eta jai giroa gazteentzat, eta gaur berriz, nagusienentzako meza eta auzogiro aparta.