Azken hilabeteetako eraso matxistak salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar Markina-Xemeinen
Bihar [irailak 12], 20:00etan, Goiko Portalean egingo dute elkarretaratzea. Azken bi hilabeteetan bost eraso matxista salatu direla jakinarazi dute Morelarrek eta Markina-Xemeingo Udalak.
Azken bi hilabeteetan bost eraso matxista salatu dira Markina-Xemeinen, eta horren aurrean erantzungo dute bihar [irailak 12] herritarrek. Morelarrek eta Markina-Xemeingo Udalak indarrak batu dituzte indarkeria matxistaren aurka egiteko: deia egin diete markina-xemeindarrei bihar [irailak 12], 20:00etan, Goiko Portalean egingo duten elkarretaratzera joateko.
Euren lehentasuna erasoa jasan duten emakumeak babestu eta eurei laguntzea dela adierazi dute: “Euren egoerak eta beharrak kontuan hartzea, zauriak eta minak ez handitzea eta ahal den neurrian, osatzea”. Hala, bereziki azpimarratu dute garrantzitsua dela inplikatutako pertsonen konfidentzialtasuna gordetzea. Era berean, zurrumurruak ere albo batera uzteko eskatu diete herritarrei, “oso arriskutsuak baitira eta ez baitute prozesuan batere laguntzen”.
Emakumeen eta LGTBI pertsonen giza eskubideen alde borrokan jarraituko dutela adierazi dute, eta baita indarkeria matxistarik gabeko bizitza askeen alde ere: “Ez dugu Markina-Xemeinen inolako jarrera edo eraso matxistarik onartuko, eta edozein erasoren aurrean erantzungo dugu”.
Gogorarazi dute indarkeriak matxistak ez daukala ez espazio, ezta orduik ere: “Berdin da norbere etxea izan, jaiak izan, jendea paseatzen ari den guneak izan, gauean zein egun argitan… Mota honetako erasoak edonon jaso genitzake, biolentzia estrukturala baita”. Hala, indarkeria matxista unibertsala dela salatu dute: “Ez du zuzeneko loturarik kokapen geografiko, maila sozioekonomiko, etnia, kultura, ikasketa maila, adin ez beste ezelako ezaugarrirekin. Horregatik, estereotipo arrazista eta klasistetan oinarritutako aurreiritziak alde batera utzi behar ditugula azpimarratu nahi dugu”.