Lekeitioko familiek hasiko dute herriko liburutegiaren eraldatze prozesua
Zapatuan [irailak 14], 11:00etan elkartuko dira, Plazan. Heldu bakoitza 5 eta 12 urte bitarteko bi umerekin joan ahalko da gehienez; izena eman behar da tailerrean parte hartzeko.
Lekeitioko Liburutegiak eraldatze prozesu kolektibo batekin hasi du ikasturtea. Hausnarketa parte hartzaile baten bitartez liburutegia zer den, nola erabiltzen den eta zer funtzio betetzen dituen ondorioztatuko dute. Prozesuaren lehenengo zatia liburutegiko espaziotik kanpo gertatuko da, zapatuan [irailak 14], 11:00etan, Plazan: “Belaunaldien arteko tailer bat da, familiei zuzendutakoa”. Lehenengo tailer horretara heldu bakoitza 5 eta 12 urte bitarteko bi umerekin joan ahalko da gehienez; parte hartzeko izena eman behar da euren sare sozialetatik zabaldu duten galdetegian.
Liburutegiko arduradunek azaldu dutenez, espazioen ekoizpenari eta okupazioari buruzko tailerra izango da lehenengoa: bolumenak eta egiturak eraikiko dituzte, eta kolektiboki proposatutako espazioekin esperimentatuko dute. Hala, liburutegiaren etorkizuna elkarrrekin pentsatu eta diseinatzeko lehenengo pausua emango dute.
Hausnarketa egiteko Lekeitioko Liburutegiak eta Arropaineko Arraguak bat egin dute, azken horrek garatutako Transit.lekeitio proiektuagaz. Horren bitartez parte hartze prozesuagaz hasiko dira, eta zapatukoaz gain, beste hainbat ekintza egingo dituzte irailean eta urrian; denak ala denak ere, Lekeitioko biztanleei zuzendutako tailer eta topaketak izango dira.