Lekeitioko Garraitz irla itxita egongo da datozen hiru hilabeteetan
Lekeitioko Udalak egonkortze lanen bigarren fasea ipini du martxan. Hegoaldean dagoen eremu erlijiosoa eta erdialdeko eremu militarra aztertuko dituzte.
Lekeitioko Udalak Garraitz irlako egonkortze lanen bigarren faseari ekin dio. Azaldu dutenez, hegoaldean dagoen eremu erlijiosoa eta erdialdean dagoen unitate militarra aztertuko dituzte: “Garraitz uhartean interes handiko eraikuntza elementuak daude, eta hegoaldeko muturrean dagoen erlijio komentu multzo berezi bat nabarmentzen da. Horrez gain, uhartearen goialdean eta iparraldeko muturrean ondare interes handiko beste eraikuntza batzuk ere badaude”. Hori horrela, lanak aurrera eroan ahal izateko hiru hilabetez itxita egongo da irlarako sarrera.
Herrian ezagunak dira jada uda garaian Atabaka kultur elkarteak Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta herritarrekin auzolanean Garraitzen egiten dituen indusketak, eta lan horiei esker, hain zuzen ere, ikusi dute argia ostera ere bertako hainbat egitura eta hormek. Gainera, ermitan eta gotorlekuan egindako indusketek horma eta aztarna berriak ere bistaratu izan ditu, urte luzez estalita egon ostean.
Hori horrela, 2022 urtearen amaieran hasi zituen udalak Garraitzeko aztarnen egonkortze lanak: “Iparraldeko unitate militarrean jardun zen, gainazaleko garbiketa bat eginez, junturen arteko landaredia desagerraraziz eta mantentze arina eginez”. Lan horien bigarren fasea da, hain zuzen ere, martxan ipini dutena: “Lanak abuztuan hasi ziren, belar eta sastraken mozketarekin. Orain, berriz, aztarnen egonkortze lanak hasiko dira, eta hiru hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da”.
Udaleko ordezkariek jakitera eman dutenez, bigarren faseko lanek 161.185 euroko kostua izango dute; horietatik 140.000 euro Europako Next Generation planaren bitartez finantzatuko dute. Izan ere, lanak Lea Ibilbidea eta Lekeitioko Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Plana garatzeko lanak dira, Next Generation diru funtsen barruan daudenak.
Aurrekariak. Uhartearen iragana berreskuratu eta Itsas Ondarearen funtsezko pieza bat berreskuratzeko helburuagaz udala Aranzadi Zientzia Elkartearekin ipini zen harremanetan 2021. urtean. Hala, 2021eko abenduan Garraitzeko parke historiko-naturala: Garraitzeko eremu erlijioso-militarraren egonkortzea proiektua idatzi zuten, aztarnen egonkortze lanak aurreikusteko asmoz.
Bertan Garraitzeko aztarnak bi multzotan banatu zituzten: lehenengo multzoa hegoaldeko eremu erlijiosoari dagokio (aurtengo lanak egingo dituzten eremua), eta bigarrena, aldiz, eremu militarrari. Bigarren eremu hori, aldi berean, beste bi azpi-eremutan banatu zuten: A eremua erdialdeko unitate militarreko gotorlekuari dagokio (aurtengo lanen eremua), eta B eremua, aldiz, iparraldeko unitate militarreko kuartel, bolborategi eta goiko gotorlekuari (2022an egin zituzten lanak).