Astelehenean irekiko dute Lekeitioko igerilekua
Lekeitioko Udalak abuztuaren 12an itxi zuen igerilekua, hobekuntza lanak egiteko.
Lekeitioko udal igerilekua abuztuaren 12tik itxita egon ostean, astelehenean [irailak 16] irekiko du Lekeitioko Udalak. Azaldu dutenez, igerilekuaren zerbitzua hobetzeko konponketa lanak egin dituzte.
Guztira 200.000 euroko inbertsioa egin du udalak. Diru sail horrekin, alde batetik, hezetasuna kontrolatzeko makinak berritu dituzte, aireztapen egokia bermatzeko eta baldintza osasungarriagoak lortzeko asmoz. Klimatizazio sistema berritzeko beharrizana ere “aspalditik” zegoela azaldu du udalak, eta hori ere, berriztu egin dute. Azkenik, langileentzako baldintzak hobetzeko asmoz, sorosleen gela ere berritu egin dute.
Udalak ezinbestekotzat jo ditu aurten egin dituzten lanak: “Igerilekuak dituen beharrizanen artean, aurten egingo direnei lehentasun ososa eman die udalak. Lan hauek ezinbestekoak dira erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzen jarraitzeko, baita bertako langileen baldintzak hobetzeko ere”.
Egin berri dituzten lanez gain, zerbitzua hobetzen jarraituko du udalak: “Hurrengo urteetan ere, igerilekuaren alor desberdinak berrizteko lanak egiten jarraituko da, besteak beste, igerilekuaren barruko horma eta zoruaren estalduraren konponketa”.