Bi pertsona atxilotu dituzte Lekeition marihuana landatzeagatik
172 marihuana landare aurkitu dituzte Lekeition, bi lursail desberdinetan. Honen aurrean, bi pertsona atxilotu dituzte, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita.
Ondarroako ertzain-etxeko agenteek bi operatibo desberdin eroan dituzte aurrera azken egunetan Lekeition, eta bi gizon atxilotu dituzte. Ertzaintzak jakitera eman dutenez, guztira 172 marihuana landare atzeman dituzte bi gizonen lurretan, eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita atxilotu dituzte. Desegindako bi marihuana-sail hauek ez zeukaten elkarren artean loturarik.
Astelehenean [irailak 9] egin zuen Ertzaintzak lehenengo esku-hartzea, itxita zegoen lursail baten barruan legez kanpoko 100 marihuana landare aurkitu zituen. Horren aurrean, polizia-dispositiboa jarri zuten martxan eta landareak kentzeaz gain -gehienak tamaina handikoak- osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita, landaketaren ustezko arduraduna atxilotu zuten. Atxilotua aske gelditu zen, epaiketaren zain. Bigarren atxiloketa eguaztenean [irailak 11] izan zen. Lekeitioko beste lursail batean sartu zen Ertzaintza eta bertan, 72 marihuana landare aurkitu zituen. Hauek konfiskatu eta ustezko arduraduna atxilotu zuten.
Bigarren esku-hartzean, ustezko arduraduna atxilotu ondoren, honen etxean egindako miaketan, Ertzaintzaren Txakur Unitatearekin batera, “20 poto baino gehiago eta plastikozko 20 bilgarri garden” aurkitu zituzten, ustez “marihuana-lorezko kukuluak zituzten, 6 kilogramoko pisuarekin”. Horrez gain, barruko negutegi batzuk ere aurkitu zituzten, “laborantzarako substratu hondarrak eta landareen hosto hondarrak zituztenak”.