Jendetza batu da Mutrikuko Galbaixo Egunean
Mutrikuarrak Galbaixo Eguna ospatzen ari dira gaur [irailak 14]. Ermitaren inguruan egon dira goizean herri kirolekin eta beheranzko bidea hartu dute goitibeheren jaitsierarekin.
Hasi dira, bai hasi dira Mutrikuko Galbaixo jaiak. Hain zuzen ere, atzo [irailak 13] hasi zituzten Anaiarte Biltokiaren danborradarekin. Gaur [irailak 14], berriz, zelan ez, Galbaixo Egunean, bertako ermitaren inguruan elkartu dira mutrikuarrak.
Azken urteetan bezala, herri kirolentzako tartea izan da eguerdian. Ugaitz eta Aratz Mugertzak, Urdax Magunazelaiak, Aritz Nordek, Uxue Ansorregi Ibirik eta Maika Aristegik herri kirol erakustaldi ederra eskaini dute bertaratu diren guztientzako: harri jasotzea eta aizkolaritza izan dira nagusi, bakarka zein bikoteka edo taldeka. Ansorregi eta Andonegi trikitilariak izan dira eguerdiari doinua eta musika jartzeko arduradunak.
Aurten autoek ezin izan dute ermitara arteko bidea osatu eta autobus zerbitzuak etengabeko joan-etorriak egin ditu. Beteta joan dira horietako asko goiz osoan zehar. Beste batzuek, berriz, eguraldi eguzkitsua lagun ibilbidea oinez egiteko hautua hartu dute. Galbaixotarren Egunean, irailaren 22an, ere autobusez edo oinez bakarrik igo ahalko da: 11:30ean eta 16:30ean igotzeko, eta 14:30ean eta 20:30ean jaisteko.
Bazkalorduan galbaixotako ikuskizun ederrenetariko batez gozatzeko bide bazterrean elkartu dira mutrikuarrak. Bata bestearen atzetik goitibeheran jaitsi dira partaide desberdinak. Anitza izan da oso jaitsiera, bakarka, bikoteka, hirukoteka edota taldeka jaitsi baitira. Falta izan ez dena abiadura eta jai giroa izan da. Batzuetantzat, ordea, azkena izan da. Atxilin eta Potronor goitibeherek azken aldiz egin dute jaitsiera. Haientzat izan dira txalo zaparrada eta ohiurik ozenenak.
Jan eta edan gogotik egin ostean, 18:00etan Mutrikuko jaietan hutsik egiten ez duen sokamuturra egongo da. Ostean, berriz, musika izango da protagonista: 19:30ean Eingo taldearen kantu eta dantza kalejira egongo da, eta 22:30ean, berriz, Oxabi taldearen kontzertua.