Eskualdeko errepideen erakusleihorik onena
87 parte hartzaile eduki ditu VI. Lea-Artibai Klasikoak. Parte hartzaile gehienek 08:30eko irteera ordua hautatu dute, eta giro aparta gailendu da.
Atzo [irailak 15], Lea-Artibaiko errepideak gurpil biren erritmoan ipini ziren, VI. Lea-Artibai Klasikoagaz. Markina-Xemeingo, Lekeitioko eta Berriatuako Txirrindulari Elkarteek antolatuta, aurtengo aldiaren irteera eta helmuga Munitibarrek hartu du. Parte hartzaileek, goizeko eguraldi hotzari aurre eginez, maila eta edertasun handiko ibilbideez gozatzeko aukera paregabea eduki zuten domekan, eta Bizkaiko Begiratokian eduki zuten eguneko gailur nagusia. Bi ibilbide antolatu zituzten, maila eta profil guztiak asebetetzeko: aukera laburrak 77 kilometro eta 1.323 metroko desnibela eduki zuen; luzeak, ostera, 118 kilometroko luzera eta 2.193 metroko desnibela.
Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, 87 parte hartzaile animatu baitziren, tartean, emakumezko lau txirrindulari. Partaideen gehiengoa, aditzera eman dutenaren arabera, eskualdekoak izan ziren. Edozelan ere, argitu dute urrundik etorritako zenbait ere egon zirela irteera lerroan: “Esate baterako, Santander aldetik ere bertaratu ziren”. Adin talde nagusiari dagokionez, 50 urtetik gorakoa izan dela adierazi dute antolatzaileek. Aurtengo berritasun nagusia irteera ordu bikoitza izan da. Izan ere, parte hartzaile bakoitzaren mailara doitu dute ordutegia, eta trafiko pilaketak ekiditea ere bilatu dute. Hori horrela, lasaien joan gura izan zutenak 08:30ean hasi ziren pedalkadaka; bizkorrago aritzeko aurreikuspena zutenek, berriz, 09:00etan ekin zioten ibilbideei.
Txirrindulariek erantzun polita eman diote antolakuntzak hartutako neurri hori eta, azaldu dutenez, hainbatek 08:30ean hastea erabaki zuten: 48 lagunek. Era berean, 58 zikloturistak ibilbide luzea egin zuten eta 29k, aldiz, aukera laburra. Tartean, zenbait anoa postu eduki zituzten; denetan ala denetan giro bikaina nabarmendu zen parte hartzaileen artean. Ez hori bakarrik: Munitibarko helmuga eremuan, esfortzuak behin atzean lagata, parte hartzaileentzako eskualdeko jakiekin prestatutako pintxoak ipini zituzten, baita eskualdeko produktu ezberdinekin osatutako otzarak zozkatu ere.