Lekeitioko Udalak San Antolin jaien balorazio ona egin du
Balorazio ona egin duen arren, hausnarketarako beharra ere nabarmendu du. Jaietan eman eta erregistratu diren hamabost eraso matxistak salatu dituzte. Antzar Egunean 5.120kg zabor batu ziren, eta jai guztietan, 18.500kg.
Lekeitiarrek duela egun batzuk agurtu zituzten aurtengo San Antolin jaiak, eta baita Antero ere. “Askotariko herritarrekin” hitz egiteko astia eduki du Lekeitioko Udalak, eta lan horiek eginda, aurtengo sanantolinetako balorazio ona egin dute, baina, hausnarketarako beharra nabarmenduta. Hori horrela, udaleko ordezkariek hiru gako nabarmendu nahi izan dituzte: jaien inklusibotsuna, hondakinen arazoa eta aurrera begirakoa ondo birpentsatzea.
Alde batetik, Antzar Egunaren masifikazioaren inguruan hausnartu dute: “Jaiak guztientzako izan behar direla argi daukagu, baina errealitateak kontrakoa adierazten digu batzuetan. Antzar Egunean ume eta nagusienak egunean zehar kalean ikustea gero eta zailagoa da, dagoen jai ereduak ez duelako eurak egotea bermatzen”. Hala, “guztientzako egun berezia” den Antzar Egunak “benetan guztientzako” izan beharko litzakeela uste dute.
Bestalde, hondakinei dagokienez, herria zaintzeko deia egin dute. Salatu dute ez dela onargarria urtean zehar egiten den lana jaietan “hankaz gora” botatzea: “Herriko kaleak zaborrez beteta egon dira, eta kasu batzuetan, zaborrontziak hutsik”.
18.500kg zabor batu dituzte aurtengo San Antolin jaietan.
Azkenik, euskarak eta euskal kulturak jaietan duen lekuari buruz ere hausnartzera gonbidatu dituzte herritarrak: “Jaietak euskara eta euskal kultura geroz eta bazterrago somatzen dugu. Izan kalean entzuten den musikagatik edo gure harremanetan gaztelerak hartu duen tokiagatik, gure nortasunaren zutabe nagusia zaindu eta bizigarritzeko konpromisoa berresteko beharra ikusten dugu”.
Antzar Egunean, 5.120kg zabor. Udalak jakinarazi duenez, Antzar Egunean 5.120kg zabor batzu ziren, eta jai guztietan, berriz, 18.500kg. Jaietan jasotzen den zabor kopuru handiaren jakitun, garbiketa lanak indartu eta areagotu zituen udalak irailaren 1etik 8ra, eta baita zaborrontzien kopuruak handitu ere. Antzar Egunean arreta berezia ipinita, plaza eta portu ingurua plastiko poltsa, edalontzi eta kristalezko botilez beteta zegoela azpimarratu dute, zaborrontziak inguruan egon arren. Txaponaren beste aldean, aldiz, Antzar Jaian parte hartu zituzten potinak aipatu dituzte: “Asko izan baziren ere, portuko uretan ia ez zen zaborrik sortu”. Hala ere, udalak adierazi du hondakin gutxiago sortzeko bideratu zituzten ekimenek ez dutela nahi besteko arrakasta izan, eta horren inguruan hausnarketa egiteko beharra dagoela ikusi dute.
Jai inklusiboagoak egitea zen udalaren beste helburuetako bat, eta azpimarratu dute horretara bideratu dituzten ekimenek “arrakasta handia” izan dutela. Hainbat izan dira egin dituzten ekimenak: mugikortasun urria dutenentzako tarima ipini zuten plazako eszenatokitik gertu, barraketan ohe elastikoaren atrakzioarekin ipini, zaratarekiko hipersentsibilizazioa duten umeentzat irailaren 2an eta 7an ordu batzuez musika kendu eta aniztasun funtzionala duten umeei laguntza txartela eskuratzeko aukera eman, barraketan ilara gutxiago egiteko. Hori horrela, batez ere tarima eta barraka inklusiboak izan dute arrakastarik handiena. Jaiak denentzat izan behar dutela sinetsita, datozen urteetan horretan lanean jarraitzeko asmoa du udalak.
Parkeko Gunearen egitarau anitza azpimarratu dute.
Hamabost eraso matxista. Jaietan txosnagunean erregistratu ziren hamabost erasoak ere mahaigaineratu dituzte udal ordezkariek: “Gogoratu nahi dugu gure herrian ez dugula inolako erasorik onartzen, eta konplize ez izateko deia ere egiten dugu. Udaletik, urte osoan egoera hauek gainditu eta denok aske bizitzeko politika eraginkorrak egiten segiko dugu”. Era berean, gogorarazi dute udaleko gizarte zerbitzuak ere eskura daude hala behar dutenentzat.
Eraso horien aurrean Txosna Batzordeak egindako lana ere eskertu nahi izan dute: “Eurak izan dira erasoen aurrean erasotuak babestu dituztenak eta espazio seguruak egoteko lanean ibili direnak. Horrez gain, beste herritar batzuk ere zoriondu nahi ditugu, erasoen aurrean isilik geratu ez eta salatu dutelako”.
Jai jendetsuak. Jaietako ekintzako gehienak “oso jendetsuak” izan diren arren, horietako batzuk bereziki jendetsuak izan direla adierazi dute. Herriko elkarte eta eragileek ere, hainbat ekintza antolatu dituzte, eta horien artean Parkeko Gunearen egitarau anitza azpimarratu nahi izan dute. Bestalde, su artifizialen ikuskizuna ez dela “nahi bezalakoa izan” aipatu dute, enpresak izandako istripuaren eraginez material gabe geratu zirelako.
Azkenik, ekintza jendetsuak izan diren arren, antolakuntza lanetan belaunaldi berrien falta somatu dute: “Herriko elkarteen nagusitzea nabarmena da, eta gazteen parte hartzea indartzeko beharrizana argia da, haien ideia berri eta ekarpenak jasotzeko”.