Mutrikuko portuan bildu dira herritarrak Piñastegi Eguna ospatzeko
Galbaixo jaietan murgilduta daude mutrikuarrak eta gaurkoan [irailak 16], Piñastegi Eguna ospatzen dabiltza, sardina erre artean.
Mahonezko alkandora soinean eta zapia lepoan, Mutrikuko portuan batu dira gaur [irailak 16] herritarrak, Galbaixo jaietako Piñastegi Eguna ospatzeko. Goiko plazatik moila ingurura arte kalejiran jaitsi dira nagusi, gazte zein haurrak, erraldoi eta buruhandiekin batera, Mutrikuko musika bandak kaleak musikaz betetzen zituen bitartean.
Ohi bezala, geldialdia egin dute Zapatei Kalean pregoia bota eta egunari hasiera emateko. Pregoi berezia izan da aurtengoa, izan ere, erraldoien artean Akerbeltz falta zen eta honek Veneziatik bidalitako eskutitza irakurri dute pregoilariek: “Aurtengoan ezingo naiz zuekin egon. Dakizuen moduan, Veneziako Nazioarteko Biurteko erakusketan nago, munduko txoko desberdinetako erraldoiekin batera. Baina hemen ere Piñastegi eguna ospatzen gabiltza, euskara eta gure kultura mundura zabalduz”. Txalo zaparradaz erantzun diote eskutitzari herritarrek. Pregoilariek “Gora San Piñastegi” ohikatu eta tradiziozko kantuarekin eman diote hasiera ofiziala egunari.
Portura jaitsi bezain pronto usaindu zitekeen sardina errearen usaina, eta goseak eraginda, segituan sortu da jende ilara Lonja Zaharraren arkupean. Bitartean, portuko sarreran, haur eta gaztetxoek jolasteko tartea izan dute. Begiak estali, makila hartu eta lurrezko itsulapikoak apurtzeari ekin diote, ikusleen ohiu eta txalo artean. Horrez gain, 12:30ean, Mutrikuko Arraun Taldeak zinga ikastaroa eskaini die haurrei eta ondoren, ikasitako praktikara eramateko, txapelketa egin dute. Gainera, kayakean ibiltzeko aukera ere izan dute.
Egitarauak aurrera jarraitu du Mutrikuko portuan. 14:30etik 18:30era bitartean portukoa arrapalan uretara arteko txirrista egongo da haurrentzat eta 16:30ean kukaña txapelketari eman diote hasiera.
Aurten, Mutrikuko Udalak Piñastegi Eguneko sokamuturraren ordutegian aldaketak egin ditu, eguna “berrantolatzeko eta ekitaldia berriak txertatzeko”. Beraz, eguerdian egiten zen sokamuturra kendu eta arratsaldekoa bi orduz luzatu du, 17:30ean hasi eta 19:30ean amaituko da.
Galbaixotarren eguna. Mutrikuko Galbaixo jaiei amaiera emateko Galbaixotarren Eguna ospatuko dute irailaren 22an [domeka]. Egunean zehar Laja eta Lutxurdio trikitilariek girotuko dute auzoa eta goizetik arratsaldera arteko egitarauarekin gozatzeko aukera izango dute mutrikuarrek.