327 mendizalek hartu dituzte Ispasterko mendiak, domekan
Domekan [irailak 15] ekin zioten Ispasterko XI. Mendi Martxari. Eguraldia lagun izan zuten horretan, 327 mendizale batu ziren hiru ibilbideak aintzat hartuz.
Domekan [irailak 15] ospatu zen beste urte batez Ispasterko Mendi Martxa. Kasu honetan, XI. edizioa izan da domekakoa, eta herriaren barne-mugak hobeto ezagutzeko aukera izan dute horretan parte hartu zutenek, beste behin. Igaz 274 pertsona bildu ziren horretan, aurten kopuru hori gainditu dute. 327 izan baitira guztira parte hartu zutenak, hain zuzen. Nahiz eta Udaletik argi utzi zuten helburua ez zela inondik inora ere parte hartzaile kopuru jakin batera heltzea, baizik eta “egunaz, ibilbideaz eta giroaz ahal bezainbeste gozatzea”, aurtengo parte hartzaile kopurua joan den urtekoa baino nagusiagoa izan da, eguraldiak ere lagundu zuen domeka goizean, eguna eguzkitsu jaikiz.
Hala nola, hiru ibilbide zeuden aukeran: martxa luzea 18 kilometrokoa zen eta 08:30ean eman zioten hasiera Plazatik, 124 lagun batuz. Laburrak, berriz, 8 kilometroko luzera zuen eta 10:30ean hasi zen, 184 pertsonako partaidetzarekin. Azkenik, BTT martxa ere egin zuten bizikleta gainean ibilbidea egin nahi zutenentzat. Azken hauek, 30 kilometroko ibilbidea egin zuten, eta 9:30ean hasita, 19 bizikletek hartu zuten parte. Ibilbide guztiak bukatu ondoren, parte hartzaile guztiek edari eta pintxo batez gozatzeko aukera izan zuten, indarrak berrizteko.
Argazki denak: Ispasterko Udala. Argazki gehiago hemen