'Autokarabanie'-ren bigarren emanaldia ere "oso ondo" joan da
Joan den ekainean eskaini zuten Abarka antzerki taldekoek Autokarabanie antzezlanaren lehenengo emanaldia, eta bakarra egin behar zuten arren, jendearen harrera ikusita bigarrena egitea erabaki zuten. Hala, zapatuan [irailak 14] heldu zen bigarren egun handia.
Arretxinagako zubi inguruan elkartu ziren herritarrak, eta eguraldi ona lagun, “pozik” daude Abarkakoak bigarren emanaldiaren erantzunagaz ere: “Jende asko egon zen, eta eguraldia ere ona izan zen. Pozik gaude ikuskizunak izan duen erantzunagaz, jende askok errepikatu ere egin du, eta bada hirugarren emanaldi bat eskatzen duenik ere. Adin guztietako jendea elkartu zen zapatuan, eta hori oso aberasgarria da. Jendea pozik, eta gu ere bai”.
Euskaraz herri antzerkia egiteagaz batera, hausnartzeko tartea izatea ere nahi zuten Abarkako kideek, eta helburua lortuta amaitu dute bigarren emanaldia: “Egun handia izan zen. Ondo pasatu genuen denok, eta guk nahi dugun mezua ere zabaldu genuen. Nahi dugu ondo pasatzea, baina baita hausnartzea ere, eta beste ikuspegi batekin irtetea hemendik”.
Nola ez, eskerrak eman nahi izan dizkiete Autokarabanie aurrera ateratzeko lagun izan dituzten denei, batez ere, Yolanda Larreategi, Mikel Unamuno eta Ander Lipusi. Larreategi idazten, Unamuno musikan eta Lipus zuzentzen aritu dira: “Ander Lipusi esker denok sentitzen gara aktore. Ohore bat da berarekin lan egitea, herrikoa da, eta herri antzerkiagaz duen konpromisoa txalotzekoa da”.
Aurrera begira. Abarka antzerki taldeko kideek aurreratu dutenez, badituzte beste proiektu batzuk ere esku artean: “Taldea beste pare bat proiektu ari da lantzen, apur bat epe luzerako biak, eta batez ere bat, elkarlan bat izango dena herriko talde eta artistekin. Ilusio handiarekin jarraituko dugu lanean. Denok daukagu gure bizitza, baina saiatzen gara tarte bat ateratzen”.