Bultzada digitala ekimena jarriko du abian Mutrikuko Udalak
Irailaren 22ra arte egongo da 'Bultzada digitala' ekimenean izena emateko epea zabalik.
Mutrikuko Udalak Bultzada digitala ekimena jarriko du martxan “berreskurapen, eraldaketa eta erresilientzia” planaren baitan, Europar Batasuna arduratuko da finantziazioaz. “Saltokientzako %100 diruz lagundutako programa da, tokiko merkataritzaren salmentak sustatzera bideratua, tresna digitalen erabilera hobetuaz batera”, adierazi du Mutrikuko Udalak. Horrez gain, plazak mugatuak direla azpimarratu dute eta irailaren 22ra arte dagoela izena emateko epea zabalik.
2024ko iraila eta azaroan aurrera eramango diren ekintzak barnebiltzen ditu programak. Hasteko, ekimenean parte hartzen duen negozioaren online presentzia aztertuko dute: “Lehenik eta behin, estrategia digitalean espezializatutako aholkularitza talde batek parte hartzen duen negozio bakoitzaren online presentzia aztertuko du, hobetzeko arloak bilatuz”. Negozio bakoitzari txosten pertsonalizatua egingo dio aholkularitza taldeak eta negozioaren kanal digitaletatik irudia eta salmentak sustatzeko gomendioak helaraziko dizkio arduradunari. Jarraitzeko, prestakuntza tailerrak egingo dira, “negozio bat bultzatzeko egin dezakegun oinarrizkoena eta errazenetik hasi eta maila aurreratura artekoa, parte hartzaile guztiak egokitzeko modukoa”. Prestakuntza hauei amaiera emateko, “gertuko tokiko denda eta negozioen esperientzia arrakastatsuak” aztertzeko saioa egingo da, parte hartzaileek “estrategia berriak probatzeko”.
Amaitzeko, ekimeneko parte hartzaileek tutoretza saioak izango dituzte: “Programan parte hartzeak banakako tutoretzetarako sarbidea emango du, taldeak kudeatzaile bakoitzari bere estrategia bideratzen, arazoak konpontzen edo ingurune digitalean sustapen-ekintzak zehazten lagun diezaion”.