Marea oso biziak espero dira datozen egunetan
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du biharko eta etzirako [irailak 18 eta 19]. Ohikoak baino marea biziagoak espero dira.
Olatu handiak, Ondarroan Marea bereziki biziak espero dira datozen egunetan euskal kostaldean. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du biharko eta etzirako [irailak 18 eta 19]. Bihar [irailak 18] 17:00etatik 19:00etara egongo da indarrean abisu horia, eta etzi [irailak 19], berriz, 17:00etatik 20:00etara.
Era berean, AZTI zentro zientifiko eta teknologikoak azpimarratu du datozen egunetako marea biziak oso altuak izango direla. Bereziki Bizkaiko Golkoan izango dute eragina marea biziek, gaur [irailak 17] hasi eta barikura arte. Ohartarazi dutenaren arabera, mareek 5 metrorainoko altuera hartu dezakete.
Ohikoak baino marea biziagoak espero dira, beraz, datozen egunetan, eta Ondarroako Udalak kontuz ibiltzeko deia egin die herritarrei: “Kontuz ibili erreka ertzetan eta hartu beharrezkoak diren neurriak”. Jakinarazi dute Arrigorri hondartzako pasarela urdinak ere kenduta egongo direla egun horietan, “kalterik jasan ez dezaten”.
Hala, bihar [irailak 18] 05:11etan eta 17:29ean egongo da marea goian, etzi [irailak 19], 05:52ean eta 18:11n, eta irailaren 20an, 06:32an eta 18:53an.