Miruaitz pilotalekua bete da, "partidu polita" eskainiz
Eñaut Urreisti eta Ion Ibarluzea, Erik Mendizabal eta Mikel Mantzizidorren aurka aritu ziren Galbaixo Txiki egunez, Miruaitz pilotalekuan egindako I. Egurbide Memoriala zesta-punta jaialdian.
Domekan [irailak 15], Miruaitz pilotalekua goi mailako lehiaren eszenatoki bihurtu zen, Galbaixo Txiki eguneko I. Egurbide Memoriala zesta-punta jaialdia hartuz. Lau puntista esanguratsu aritu ziren norgehiagokan lehenik. Horietatik hiru, gainera, mutrikuarrak ziren: Eñaut Urreisti, Erik Mendizabal eta Mikel Mantzizidor. Ion Ibarluzea, ordea, markina-xemeindarra zelarik. Hala nola, Urreisti eta Ibarluzea Mendizabal eta Mantzizidorren aurka lehiatu ziren, eta Danok Bateko kideek adierazi dutenez, “partidu polit eta interesgarria” eskaini zieten herriari.
“Giro ederra sortu zen, eta frontoia beteta egon zen. Puntistek nibel ona eman zuten eta omenaldiak publikoa hunkitu zuen”, laburtu dute antolatzaileek domeka gaba. Partidua “gutxi-gutxika berotzen” joan zen, izan ere, lehen jokoaren emaitza 15-14koa izan zen, bigarrenekoa, ordea, 11-15, eta hirugarrenekoa, 2-5. Horrela, Mendizabalek eta Mantzizidorrek lortu zuten garaipena, “partidu estu bezain gogotsu” batean. Antolatzaileen aurreikuspena bete dela berretsi dute: “Maila handiko neurketa estua espero genuen, eta horrela izan zen, uneoro estutasun hori mantendu baitzuen jokoak”.
Beti gogoan. Jokatutako partiduaz gain, Oaia Otaño eta Eñaut Urreisti omendu zituzten, batik bat, distiratsu aritu zirelako berriki lehiatutako 22 Urtez Azpikoen Munduko Zesta-Punta Txapelketan, Iruñeko Labriten. Urreistik, bakarka, bigarren urtez jarraian lortu du urrezko domina aurten, eta Otañok, Elaia Gogenola berriatuarrarekin bikotea osatuta, zilarrezkoa eskuratu zuen. Bai Danok Bat Klubak eta baita Mutrikuko Udalak ere, oroigarri bat eman zieten, beraien lanaren erakusgarritzat, pilotalekura hurbildu zirenen txalo mordoez gain.
Horretaz aparte, txikienentzako kinielak ere izan zuten pisua gaualdian. Horiekin abiatu zuten jaialdia, hain zuzen ere. Aitortu dutenez, Danok Batek gaztetxoekiko etengabeko apustua egiten du, eta horrela jarraitzeko asmoa dute: “Harrobi lan hori egiten jarraitu nahi dugu, kluba osasuntsu eta sendo mantentzeko”.