BI-3448 errepidean jarritako kartelak kendu dizkietela salatu dute Aulestin
Bizkaiko Foru Aldundiak kendu ditu herritarrek Aulesti eta Markina-Xemein arteko errepide inguruan jarritako kartelak. Hala ere, 'Herri txikiak bizirik!' mantentzeko lanean jarraituko dute aulestiarrek.
Hilabeteak daramatzate aulestiarrek herria “bizirik eta bizi” mantentzeko borroka desberdinak aurrera eramaten, Herri txikiak bizirik! lemapean. Gaur gaurkoz, Aulesti eta Markina-Xemein arteko bidea, BI-3448 errepidea, konpontzea eta zabaltzea da herritarren lehentasuna, “erabiltzaileen segurtasunerako”. Egoeraren larritasuna erakusteko kartelak jarri zituzten errepidean zehar eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileek eremu publikoan zein pribatuan jarritako kartel guztiak kendu dizkiete: “Herrian haserre handia eragin du honek, baina guk lanean jarraituko dugu gure helburua bete arte”.
Errepidea zabaldu eta konpontzearen auzia sozializatu eta herritarren zein inguruko herrien atentzioa pizteko, dinamika oso bat jarri zuten martxan. Hasieran, sare sozialetatik hasi arren, segituan atera ziren kalera. BI-3448 errepidea aldarriz eta eskaerez bete zuten, eta nahiz eta herritarren aukeren barruan sartzen zen errepidean zehar jarritako kartelak kentzea, beraien ezusterako, eremu pribatuetan jarritako kartelak ere desagertu egin dira: “Bagenekien eremu publikoan jarri genituen kartelak kenduko zizkigutela baina ez genuen espero herritarron lur-sailetan zeudenak ere kentzea. Inori ezer esan gabe kendu dizkigute eremu pribatuetan jarri genituen kartelak eta herritarrok oso haserre gaude”. Ozen salatu nahi dute gertatutakoa eta eraso honen aurrean, lanean jarraituko dutela argi adierazi dute: “Ez gaituzte kikilduko. Kartel gehiago jarriko ditugu eta ez gara atzera botako. Aurrera jarraituko dugu BI-3448 errepidea zabaldu eta konpondu arte”.