Markina-Xemeingo Sorginzulo gaztelekuak etenaldia egingo du bere ibilbidean
Ez da etenaldi hila izango, proiektua berrartu eta "analisi berri eta gaurkotu bat egitea" dute helburu.
Markina-Xemeingo Sorginzulo gaztelekuak duela zazpi urte bere ibilbidea hasi zuenetik hainbat ekintza eroan ditu aurrera, eta oraingoan, atsedenaldi bat hartzeko ordua heldu zaio. Hala ere, etenaldia ez dela “etenaldi hila” izango adierazi dute: “Oinarriei helduz etenaldi aktiboa izatea du helburu. Proiektua berrartu eta herriko gazteekin batera analisi berri eta gaurkotu bat egitea izango du helburu”.
Proiektua 2018an sortu zuten, 12 eta 16 urte bitarteko gazteekin egindako bileren ostean. Hala, hainbat oinarri eta filosofiaren baitan sortu zuten, eta “hainbat arrazoirengatik” hori bidean galdu dutela adierazi dute: “Prozesu guztiek gorabeherak izaten dituzte, eta momentuko errealitatera egokitzeko ariketa egin behar izaten dute; Sorginzulo gaztelekuari ere heldu zaio momentua. Horregatik egoeraren analisia egin ostean, Sorginzulo gaztelekuan dagoen dinamikan etenaldi bat egiteko momentua dela ikusi dugu”.
Hori horrela, proiektua berratu, eta helburua herriko gazteekin batera “analisi berri eta gaurkotu bat” egitea da izango da. Horretarako, denen parte hartzea eskatu dute: “Proiektua ezer ez da komunitaterik gabe”. Herriko gazte, guraso, eskola nahiz hezitzaileen arteko elkarlana eta babesa “ezinbestekoa” dela azpimarratu dute: “Horiek gabe ezinezkoa izango da proiektua aurrera eramatea”.
Hala, orain arteko prozesuan parte hartu dutenei eskerrak emateagaz batera, herritarrei bide berri honetan ere laguntza eskatu diete: “Markina-Xemein hezitzailea helburu duen prozesu honetan parte hartzeko gonbidapena egiten diogu hezkuntza komunitateari. Besterik gabe, mila esker prozesuan parte hartu duzuen, parte hartzen zaudeten eta parte hartuko duzuen guztioi. Bidean elkartuko gara”.