Txistu doinuek girotuko dute Ondarroa, IX. Txistu Egunean
24 txistulari batuko dira zapatuan [irailak 21] Ondarroan. Txistua balioan jartzea da beraien helburua.
Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorrita, 24 txistulari batuko dira zapatuan [irailak 21] Ondarroako IX. Txistu Egunean. 12:00etan hasiko dira herriko kaleak txistu doinuegaz girotzen eta 14:30 aldera amaituko dute kontzertu ibiltaria. Egunaren helburua txistua balioan jartzea dela aipatu du Jesus Mari Egaña txistulari ondarrutarrak: “Geroz eta gutxiago entzuten da txistua Ondarroan zoritxarrez, eta gainera, zapatutako kalejirarik ere ez da egiten gaur egun. Egun honekin, txistua erdigunean jarri eta jendearengana hurbiltzea da helburua”.
Ondarroako txistulariaz gain, Bilbo, Portugalete, Getxo, Santurtzi, Barakaldo, Soraluze eta Eibarkoek osatuko dute zapatuko taldea. Goizean Musika Eskolan entsegua egin ondoren, kalez kale arituko dira, Iperkale, Kale Handi eta Nasa kalean zehar. “Musika eskoletan ere oso jende gutxik ikasten du txistua gaur egun. Tradiziozko euskal abestiekin lotzen dugu normalean baina aukera handia ematen du gaur eguneko abestiak ere jotzeko. Fandangoa, biribilketa edota arin-arinaz gain, mundu zabala da eta hori erakutsi nahi dugu”.