100 lagunetik gora elkartu dira Silver Film Festivalean
Antolatzaileak gustura eta ikusleak ere bai, zahartzaroan Lea-Artibai eskualdean bizitzearen abantailak eta desabantailak aztertu dituzte Lekeitioko Ikusgarri Zinema Aretoan.
Nagusien beharrak erdigunean ipini zituzten atzo [irailak 18] Lekeition, Silver Film Festivalean. Antolatzaileak pozik geratu dira jardunaldiak izan duen erantzunagaz: “Gure aldetik balorazioa positiboa da, labur geratu zitzaigun mahaingurura bideratutako ordu hori. 100 lagunetik gora etorri ziren, eta guretzat hori mobilizazio handia da eskualderako. Amaieran aukera eman genuen, baita ere, nahi zuenak zerbait aportatu zezan, eta pare bat pertsona animatu ziren euren ikuspuntua ematera; alde horretatik ere positiboa izan da”.
Mahainguruko hizketaldiak hainbat bideo laburrekin tartekatu zituzten, eta bloke ezberdinetan banatuta egin zuten saioa. Iranzun Mentxakak bideratuta, Maite Zabala, Leire Markuerkiaga, Nerea Urrutibeaskoa eta Andoni Zulaika batu ziren mahaiaren bueltan, eta ordubeteko saioa izan behar zena, ordu eta erdira luzatu zuten. Hainbat gai landu zituzten: zahartzaroan Lea-Artibairen bizitzeak dakartzan abantailak eta desabantailak, landa eremuan bizitzearen abantailak hiri batekin alderatuta, lehengo sektoretik bizi daitekeen ala ez, eta hamar urte barru zelan ikusten duten eskualdea bertan bizitzeko. Era berean, zaintza eta komunitatea ere lehen lerrora eroan zituzten, eta bien arteko lotura argiak ikusi zituzten.
Abantailen artean, esaterako, bertokoen gertutasuna, elikadura eta naturak ematen dituen aukeran ipini zituzten balioan. Desabantailetan, besteak beste, garraio eta zerbitzu publikoen inguruan hitz egin zuten: “Esaterako, ez dago garraio publiko zuzenik Lekeitioren eta Ondarraoren artean, eta eskualdeko herri garrantzitsuenetarikoak dira. Halako herrietan konzentratzen dira zerbitzu publiko gehienak, eta oso argi utzi zuten, halako herrietan bizi direnek beste ordaintzen dituztela zergak, eta beraz, eskubide berdinak dituztela zerbitzuak gertu izateko”. Era berean, zaintza ereduak behar dituen aldaketak ere nabarmendu zituzten.
Saioa ezin hobeto amaitzeko, Asier Altuna zinemagilearen Amama filma ikusi zuten: “Belaunaldien arteko aldeak eta hiri nahiz landa ingurunearen arteko dikotomia du hizpide filmak”.