21 postu izango ditu Ispasterko nekazal azokak
Zapatuan [irailak 21] 11:00etan hasiko da azoka eta 14:00etan amaituko da.
Egutegian egonkortu den azoka da Ispasterko Nekazal Azoka. 2011n antolatu zuen lehen aldiz udalak eta geroztik, pandemiaren etenaldia tarteko, hitzordu berezian bilakatu da, ez bakarrik ispastertarrentzat, baita inguruko herritarrentzat ere. Aurten, zapatuan [irailak 21] ospatuko dute 11:00etatik 14:00etara.
Azken urteetan bezala, askotariko produktuetaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Guztira 21 postu egongo dira, esnekiak, okela, barazkiak eta beste produktu asko eskaintzen. Berritasun nagusietako bat da lehen aldiz garagardo postua jarriko dutela. Bestetik, Nagore Intxaustik artileagaz egin dituen artisau lanak ez ditu bakarrik erakutsiko, bertaratzen direnek ere parte hartzeko aukera izango dute, tailer bat bailitzan moduan.
“Bertoko produktoreei haien produktuak erakutsi eta saltzeko aukera eman nahi diegu. Era berean, gure herritarrei ere inguruko produktuez gozatzeko parada ematea da helburua”, adierazi dute antolatzaileek. Horregatik, eguraldiari begira daude uneoro, pronostikoak aldakorrak baitira, hala ere, herritarrei bertaratzeko deia egin diete.