Ekiola Lea-Artibai herri kooperatiba, lanekin hasteko prest
Gaur [irailak 19] Etxebarria, Markina-Xemein, Ondarroa, Berriatua eta Lekeitioko udal ordezkariak elkartu dira Ekiola Lea-Artibai proiektuaren obren nondik norakoak ezagutzeko.

Urte hasieran egin zuten bisitaren ostean, gaur [irailak 19] elkartu dira berriro ere eskualdeko hainbat herritako ordezkariak Ekiola Lea-Artibai proiektuaren inguruan. Lanen nondik norakoak ezagutu dituzte Etxebarriko, Markina-Xemeineko, Ondarroako, Berriatuko eta Lekeitioko alkateek; azalpenak, Ekiola Energia Sustapenak erakundea osatzen duten Krean erakundeko eta Energiaren Euskal Erakundeko ordezkariek eman dituzte. Azaldu dutenez, lanekin hasteko azken prestakuntza lanak egiten dabiltza, eta aurten hasi, eta 2025eko otsailerako amaitzea espero dute.
Gaur gaurkoz, proiektuak erantzun “ona” izan duela azaldu dute ordezkariek: guztira 103 bazkidek egin dute ekarpena, eta beste 93k proiektuan interesa erakutsi dute, ekarpenik egin barik. Lea-Artibaiko Ekiolak 600 familientzako energia sortuko du, eta beraz, bazkide gehiago lortzea da helburua: “Oso datu onak lortu ditugu bai Markina-Xemeinen, bai Berriatuan eta baita Etxebarrin ere, baina helburua da proiektua Ondarroan eta Lekeition gehiago ezagutaraztea”.
Hori horrela, jada bazkide direnak urriaren 5ean elkartuko dira, asanblada batean. Gainontzeko herritar guztientzat, aldiz, eta urrian zehar egingo dute asanblada; data zehatza aurrerago jakinaraziko dute. Era berean, Lekeitioko eta Ondarroako bazkide gehiago lortzeko, hainbat ekintza konkretu egingo dituzte herrian.






































