"Nola ez gara gaixo egongo, gizartea bada gaixo dagoena?"
Osasun mentalaren aktibista da Nora Garmendia Vidal ondarrutarra. Publikoki buruko gaitzei buruz hitz egiteko beharrizanaz ohartu zen duela sei urte, eta gaur egun, estigma eta tabuen aurka aritzen da.
Isilean, ezkutuan eta bakarka. Horrela darama gizarteak osasun mentalaren auzia, finean, tabu eta estigmaz beteriko gaia da. Horrekin jabetuta hasi zen Nora Garmendia Vidal, 23 urteko gazte ondarrutarra, osasun mentalaren inguruan publikoki hizketan. Aktibistatzat dauka bere burua, eta hasiera batean kanal bezala sare sozialak erabiltzen bazituen ere, gaur egun, hitzaldiak ere eman izan ditu, bere bizipen propioetatik harago, osasun mentalaren auzia erdigunera ekarriz.
Zerk eraman zintuen osasun mentalaren inguruan publikoki hitz egitera?
2018an hasi nintzen osasun mentalaren inguruan publikoki hizketan, Instagram bidez. Garai hartan, Bartzelonako zentro terapeutiko pribatu batean nengoen ospitaleratuta, elikadura desoreken ondorioz. Hamar hilabete pasatu nituen bertan, eta astero hogei talde terapia egiten genituen, bakarkako terapiez gain. Gauza desberdin askoren inguruan hitz egiten genuen; zerbait naturala zen buruko gaitzen inguruan hitz egitea. Baina, kanpora begira, zentrotik kanpo, hau ez zen gertatzen: inork ez zuen osasun mentalaren inguruan hitz egiten. Orduan, osasun mentalaren auziaren inguruan publikoki hitz egiteko beharra ikusi nuen, tabu izatetik plazara ateratzeko beharra.
Tabu eta estigmaz beteriko auzia dela esan daiteke?
Bai, zalantzarik gabe. Norbaitek arazo fisiko bat daukan momentuan, segituan hartzen du txanda medikuagaz, baina inork ez du hitz egiten terapiaren inguruan, eta oraindik asko kostatzen zaigu nola gauden identifikatu eta psikologoagaz txanda hartzea.
Osasun mentalaren inguruan hitz egiteko beharrizana ikusi nuen, tabu izatetik plazara ateratzekoa.
Zure kasuan horrela izan da?
Bartzelonako zentro terapeutiko batean ospitaleratuta egon naizela kontatzean, inork ez du ezer esaten, baina nabaritzen da jendearen burutik pasa daitekeena. Pelikulek, batez ere amerikarrek, kalte handia eragin dute zentzu horretan, arazo psikologikoak dituzten pertsonak zoro bezala erakusten baitituzte. Gai hori egunerokotasunera ekarri behar da, herritarrei gertutatu, tabu izaten uzteko. Orokorrean gizartean eraikitako irudi horrek jendeari laguntza eskatzeko aukerak kentzen dizkio, beraz, ordua da eraikitakoa deseraikitzen hasteko, bizitzako momenturen batean denok behar baitugu laguntza psikologikoa.
Badirudi gaur egun geroz eta gehiago hitz egiten dela osasun mentalaren inguruan. Nola ikusten duzu egoera?
Gaur egun, sare sozialei dagokienez, oso normalizatuta dago osasun mentalaren inguruan hitz egitea, baina arriskutsua ere izan daiteke, errotik datorren arazoa ez baita aldatzen. Nire kasuan, adibidez, nahiz eta osasun mentalaren inguruan orokorrean ere hitz egiten dudan, elikadura desoreketan zentratzen naiz askotan, hori baita nik bizi dudana, hortaz, hortik hitz egiten dut. Sare sozialetara igotzen ditudan edukiak gehien partekatzen dituzten erabiltzaileak nirekin ospitaleratuta egon direnak izaten dira normalean. Jendeak begi onez ikusten ditu igotako edukiak, baina hortik urrun kokatuko balira bezala jokatzen dute, hau da, ‘jarraitu psikologora joaten eta zure arazoak azaleratzen, baina ondo gaudenok utzi bakean’ pentsatuko balute bezala. Horrez gain, EITBn egon nintzenean, adibidez, askok zoriondu ninduten. Zertarako balio dit horrek eguneroko errealitatean komentario gordofoboak egiten baldin badituzu? Hipokrisia hutsa da.
Osasun mentalaren eta elikadura desoreken arteko loturen inguruan ere hitz egiten duzu.
Bai, lotuta daude buruko gaitzak eta elikadura desoreka, elkar elikatzen dute. Elikadura desoreka bat bizitzen dagoen pertsonak bide horretatik adieraziko du ondo ez dagoenean. Drogomenpekotasuna daukan gazte batek, gaizki dagoen momentuan, droga kontsumitzera joko duen bezala. Arazoak eta oztopoak kudeatzeko modua da. Honen aurrean, kontziente izan behar dugu hitz egiteak duen garrantziaz. Dauzkagun arazo edo oztopoen inguruan hitz egin behar dugu, kanpora ateratzean beti baita errazagoa aurre egitea.
Errotik datorren arazoa ez dela aldatzen esan duzu.
Nola ez gara gaixo egongo, gizartea bada gaixo dagoena? Dieta kultura batean bizi gara, argaltasuna saritzen den gizarte batean eta gorputz batzuk soilik onartzen direnean. Industriaren garrantzia gehitu behar zaio guzti honi: kremak, botikak, estetika operazioak… Diruak gehiago balio al du pertsonon osasunak baino? Badirudi baietz. Marka boteredunek gizartean izan ditzakegun zapalkuntza eta kezkak merkantilizatzen dituzte. Besteak beste, ekologismoarekin bat egiten dute, feminismoa bandera bezala erabiltzen dute eta LGTBIQ+ kolektiboa erabiltzen dute. Osasun mentalarekin ere berbera gertatzen da: beraien marka zuritzeko erabiltzen gaituzte, zentzu guztietan. Horrez gain, errotiko arazoekin jarraituz, gazteoi, batez ere, zuzenean eragiten digu osasun mentalaren auziak.
Zergatik?
Belaunaldi krisi batean bizi gara, eta zuzenean eragiten digu honek. Lan prekarioak ditugu, ezin dugu etorkizuna irudikatu, ezin gara emantzipatu eta, orokorrean, bizitza bizigarriak izateko bermerik ez dugu. Horri azken urteko ultraeskuinaren gorakada gehitu behar zaio. Alderdi horiek hartu dituzten neurriek bizitza asko jarri dituzte kolokan. Intersekzionalitatea ere kontuan hartu behar da, nola ez; zenbat eta zapalkuntza gehiagok zeharkatu, orduan eta ez bizigarriagoa da bizitza, egungo gizarte honetan. Horrek guztiak zuzenean eragiten dio osasun mentalari.
Zein mezu helaraziko zenioke gizarteari?
Bi mezu desberdinduko nituzke: lehenengoa, herria eta herritarrei helarazi nahiko nieke; bigarrena, agintariei. Herritarrei egin eta esaten dugun oro berrikusteko eskatuko nieke, norbere praktikak aztertzeko. ‘Zuri inork egitea nahiz ez duzuna, ez egin inori’, esaten ziguten txikitan; ba, horrelako sinplea da esaten ari naizena. Bestalde, osasun mentaleko arazoek gora egin eta egingo dute, beraz, dirua nora bideratzen duten berrikusteko eskatuko nieke agintariei. Azken mezu bat eman nahiko nuke: osasun mentaleko arazoak izan ondoren, posible da bizitza duina izatea. Ez diot inori guztiz osatzearen inguruko teoriarik saldu nahi, ez baitut hori bizi; gezurretan ariko nintzateke. Baina, bizipen gogorren atzetik, posible da hortik atera eta bizitza duina izatea.
Bizipen gogorren atzetik, posible da hortik atera eta bizitza duina izatea.