"Nire balorazioa ona da, alderdi positiboagaz geratu gura nuke"
Hiru asteko bere estreinako itzulia lehiatu du Txomin Juaristi Arrieta markina-xemeindarrak: Espainiako Vuelta. Etapa bat 6. postuan amaitu du, baina azken-aurreko egunean bizikletatik jaitsi behar izan da, gaixorik.
Urte osoa Espainiako Vuelta prestatzeko lanean buru-belarri egon ondoren, bere profesional ibilbideko hiru asteko lehen itzuli handiak aho zapore gazi-gozoa utzi dio Txomin Juaristi Arrieta Euskaltel-Euskadi taldeko ziklista markina-xemeindarrari. Ihesaldien jokoan harrapari ibili zen egunez egun, 10. etapan seigarren postua lortu zuen, baina birus batek makaldu zion lasterketaren azken zatia, eta azken-aurreko etapan proba bertan behera laga behar izan zuen.
Zein sentsazio utzi dizu zure lehen itzuli handiak?
Nire balorazioa ona da, alderdi positiboagaz geratu gura nuke. Burgosko Itzulian oso fin ibili nintzen, eta benetan gogotsu hartu nuen Espainiako Vuelta, baina berehala kargutu nintzen World Tour maila koska bat gorago dagoela: ez sinisteko besteko maila dago nazioarteko tropel profesionalean.
Portugalgo lehen pedalkadatik lasterketa itogarria eta gogorra izan da aurtengoa.
Oso. Portugalen eta Andaluzia aldean, izugarri jipoitu ninduen beroak. Bigarren astean, Galizian, ostera, sentsazio apartak eduki nituen, eta halaxe iritsi zen seigarren postua. Ihesaldietan sartzeko eta etapa baten lehian ibiltzeko helburuagaz ikusi nuen neure burua. Hirugarren astea orduko, lasterketa amaitutzat jotzen nuen; neure burua Madrilen ikusten nuen. Orduan iritsi zen ezbeharra: afaritan jandako zerbaitek kalte egin zidala uste dut, eta ordutik aurrera ez nuen bururik altxatu.
“Hainbat egunetan kilometro pila bat bakar-bakarrik egin behar izan nuen, azken postuan”
Etapak lehiatzeko sufritzetik etapak amaitzeko sufritzera.
Hori da. Hainbat egunetan kilometro pila bat bakar-bakarrik egin behar izan nuen, azken postuan. Gaixotasuna berreskuratzeko egoerarik txarrena hiru asteko esfortzu jarraituak dira.
Zelan eutsi zenion lehiari azken-aurreko etapara arte?
Egunez egun planteatu nuen proba. Covadongako edota Moncalvilloko egunakgainditzea lortu nuen, baina banekien azken-aurreko etaparen ibilbidean mendateak bata bestearen atzetik zeudela; bosgarren kilometroan jada bakarrik nintzen, atzealdean. Esprinterren taldeari, azken helmugaratu zenari, jarraitzen saiatu nintzen, baina hari ere ezin nion eutsi. Hiru kilo gutxiagogaz eta zeharo gaixotuta, komenigarriena bizikletatik jaistea zela erabaki nuen.
Zer datorkizu gogora, une hura gogoratzen duzunean?
Momentu hartan frustrazioa igarrita ere, argi nuen etapa amaitzea, egoera hartan, guztiz ezinezkoa zela. Egunak pasatu ondoren, ez dut zertaz damutu: ez da gauza bera hamargarren egunean erretiratzea, edo azken-aurrenekoan. Gainera, neure esku zegoen guzti-guztia egin nuen eta, hortaz, ez zegoen gehiago eskatzerik.
“Gasteizko etapa egun iluna izan zen guretzat”
Zer nabarmentzen duzu aurtengo alditik?
Intentsitatea. Geure helburua ihesaldietan presente egotea izanik, egun batzuetan ia ezinezkoa zen, denak ala denak oso borrokatuak baitziren eta tropelak ez baitzuen ihes egiten uzten. Beti izen berberak entzuten genituen: Marc Soler, Jay Vine edota Victor Campenaerts. Ihesaldiak oso garesti egon dira, horixe azpimarratuko nuke.
Etxeko etapan, baina, jende asko sartu zen ihesaldian; Euskaltel-Euskadiko kiderik ez, ostera.
Egun iluna izan zen guretzat: jarraitzaileak zein taldearen babesleak Gasteizko irteeran zeuden, eta ez genuen inor sartu ihesaldian. Tropelean, probaren ardura hartu genuen, taldekideek aurrera jauzia egin zuten, baina ez genuen lortu jokoan sartzerik. Lasterketak ihes egin zigun.
“Azken astera ahalik eta indartsuen iritsi nahi nuen, Madrilgo erlojupekoa denak emanda lehiatzeko”
Lasterketa hasi orduko, ba al zenuen letra gorriz markatutako etaparik?
Berez, ez. Azken astera ahalik eta indartsuen iritsi nahi nuen, Madrilgo erlojupekoa denak emanda lehiatzeko. 21. egunean, erlojuaren kontrako lehia indar kontua izan ohi da, modalitate horretan espezialista izateaz harago; azterketa polita izan zitekeela uste nuen, baina bezperan amaitu zitzaidan lasterketa.
Zelan gogoratzen duzu Ponteareas eta Baiona lotu zituen 10. etapa?
Atseden egunaren ondoren iritsi zen. Aurrean bost laguneko ihesaldia zebilen, tartean, Wout van Aert. Egun oso bizkorra eta gorabeheratsua izan zen. Azken koskan, erasora jo nuen eta, ihesaldiaren ostean, seigarren helmugaratu nintzen. Egun hartan asko sufritu nuen, baina indartsu igarri nuen neure burua.
Zelako prestakuntza eskatzen du hiru asteko itzuli batek?
Urte osoa helburu horri begira planteatu dut. Altueran egonaldi bi egin ditut: bata, Euskal Herriko Itzulia orduko, Sierra Nevadan; bestea, uztailean, Andorran. Guztira, hilabete bi egin ditut bakarrik mendietan, lasterketa prestatzen. Horrez gain, egunerokotasuneko ñabardura guztiak Espainiako Vueltara ondo iristeko doitu behar izan ditut. Gainera, kontua ez da lasterketara sendo iristea: esfortzu oro neurtu beharra dago, irteerara nekatuegi ez iristeko.
Esfortzu fisikoaz harago, alde mentala ere hortxe dago.
Izugarria da. Egiten duzun gauza oro lasterketarako komenigarria izango den ala ez galdegiten diozu zeure buruari. Horrek sortzen duen estresa egundokoa da. Esan beharra dago, alde horretatik, neure lehen itzuli handia izateak zerikusia eduki duela; aurrerantzean, beste modu batera eta eskarmentu handiagoagaz landuko ditut gauzak.
“Granadako etapa gogorra amaitzerakoan, Gotzon Martin taldekideari zin egin nion 2024ko Espainiako Vuelta neure ibilbideko lehenengoa eta azkena izango zela”
Sufrimendua sufrimendu, errepikatuko al zenuke?
Lehen astean, Granadako etapa gogorra amaitzerakoan, Gotzon Martin taldekideari zin egin nion 2024ko Espainiako Vuelta neure ibilbideko lehenengoa eta azkena izango zela. Behin lasterketa amaituta, bueltatzeko gogoz nago, are gehiago azken-aurreko egunean etsi behar izan ondoren.
Taldeen gonbidapenen sistemagaz, Euskaltel-Euskadik ez du ogibide errazik edukiko hurrengo urtean berriz irteera lerroan egoteko.
Ez. UCI puntuen araberako gonbidapen sistemagaz ez nator bat. Adibidez, egun lau edo aspergarrietan, ibilbidearen erdian tarteko helmugak edo pareko sariak ipini beharko lituzkete, ihesaldiak bultzatzeko. Ihesaldi horiek, funtsean, talde gonbidatuek hauspotzen dituzte. Bigarren mailako taldeek lasterketari asko ematen diote, horren erakusle gara gu edo aurten egundoko lasterketa egin duen Kern Pharma taldea.
“ UCI puntuen araberako gonbidapen sistemagaz ez nator bat”
Aurrerantzean, zer?
Bizikletatik jaitsiarazi ninduen birusa atzean utzi ostean, urri hasieran Belgikara joko dut, egun bakarreko proba bat lehiatzera. Ondoren, Italiako denboraldi amaierako klasikoetako zenbaitetan egongo naiz.
Eta zein helburugaz?
Hori ikusteko dago. Izan ere, pena ematen dit Espainiako Vueltak eman ohi duen pedal kolpea eta sasoi puntua ganoraz ezin zukutu izana, gaixorik egotearren. Dena dela, maila handian aritzea espero dut, urtea ahalik eta hoberen amaitzeko.
Epe luzera begira, taldean jarraitzeko asmoz zaude?
Bai. Aurten, 2025 eta 2026rako hitzarmen berrikuntza egin dut Euskaltel-Euskadigaz; datozen bi urteetan, gutxienez, kolore laranja janzten jarraituko dut. Etxeko taldean neure tokia topatu dut, eroso nago, eta niganako konfiantza dutela ikusten dut.