Hondakinei buruzko batzarra deitu du Ispasterko Udalak
Lea-Artibai Mankomunitateak beste hainbat bilera egingo ditu hurrengo asteetan, eguaztenean [irailak 25], Berriatuan hasita.
Ispasterko Udalak, Lea-Artibaiko beste hainbat udalek bezala eta Lea Artibai Mankomunitateagaz elkarlanean, hondakinei buruzko batzarra egingo du barikuan [irailak 27], 18:30ean, Iñigo Egiluz kultur aretoan. Udal ordezkariek bertaratzeko deia egin diete herritarrei.
Aurreratu dutenez, bileran hondakinen bilketari dagokionez Ispasterren dauden erronken eta hartu nahi diren erabakien berri emango dute. “Zure iritzi eta ekarpenak ezinbestekoak dira, egungo sailkatze tasak gainditzeko eta bilketa sistema jasangarriago eta eredugarriago bat sustatzeko”.
“Hondakin bilketaren analisiek erakutsi dute Lea-Artibain ez garela ondo berziklatzen ari”, adierazi dute. Hori dela eta, hurrengo asteotan mankomunitateak azterketen emaitzak biztanleekin partekatuko ditu, eta hondakin bilketa ereduaren inguruko eztabaida herriz herri zabalduko.
Egutegia:
- Irailaren 25ean, 19:00etan, Berriatuan.
- Irailaren 27ean, 18:30ean, Ispasterren.
- Urriaren 8an, 09:30ean, Markina-Xemeinen.
- Urriaren 8an, 19:00etan, Ondarroan.
- Urriaren 9an, 18:30ean, Etxebarrian.
- Urriaren 11n, 18:00etan, Ziortza-Bolibarren.