Klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko plan integratuaren berri emango dute Aulestin
Aulesti etorkizun berderantz bideratzeko helburuagaz, plan integratuaren aurkezpena egingo dute eguenean [irailak 26] Peio Meso Lopez udaleko teknikariaren eskutik. Ondoren, hondakinen kudeaketaren inguruko solasaldia emango du Gorka Egia Arregik.
San Blas Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkarteak antolatuta klima aldaketa arintzeko eta honetara egokitzeko plan integratuaren berri emango du Peio Meso Lopez udaleko teknikariak eguenean [irailak 26] udal aretoan. Honen atzetik, plan integralean bertan ere barnebiltzen den hondakinen inguruko hitzaldia emango du Gorka Egia Arregik. Aulestiko Udaletik hitzaldietan parte hartzeko deia egin die herritarrei, Plan Integratuaren inguruko informazioa jaso eta aurrean dugun arazoa errotik aldatzeko.
Datozen urteetan Aulestiko herriak hartuko duen bidea zehazteko, energia-plan baten beharra identifikatu zuen Aulestiko Udalak. Izan ere, 2020an hasita zegoen udala energia-planaren garapenarekin, baina udalerria bere osotasunean aztertuko duen plan integratu bat egitea, egokiago iruditu zitzaion, hori horrela, 2020tik 2024ra bitarteko plana garatu dute: “Udalak urteak daramatza eraginkortasunaren eta berriztagarrien arloan ekintza desberdinak burutzen, eta plan honek ekintza hauek izan duten eta ekintza berriek izango duten eragina baloratzea ahalbidetuko du”. Plan integratu honek, bi ardatz barnebildu ditu: Klima-aldaketaren arintzea eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea. “Klima-aldaketa arintzeak energia erabilera eraginkorragoa egitea, isuriak murriztea eta energia berriztagarrien bidezko sorkuntza-banatua handitzea izango ditu ardatz. Honetarako, udalerriaren azterketa sakona egin behar izan da, gaur egungo egoeraz jabetzeaz gain, udal-administrazioarekin elkarlanean jardun eta herritarren iritzia ezagutzeko jarduera desberdinak gauzatu dira, besteak beste, udaleko biztanleen artean banandu den galdetegi bat”, zehaztu dute 2020-2040ko Aulestiko Plan Integratuan. Bestalde, klima-aldaketaren arriskuetara egokitzearen arloari dagokionez, lehenengo eta behin, udalerriko kalteberatasun azterketa egitea eskatu zuten, arrisku nagusiak zein diren definitu ahal izateko. “Ondoren etorkizuneko egoera berrien estimazioak garatu ziren, tenperaturak, prezipitazioak eta bero-boladek izan dezaketen joera ikertuta. Eta azkenik, klima aldaketaren ondorio saihestezinetara egokitzeko, ekintza desberdinak proposatu dira”.
Aurretiaz aipatu bezala, hogei urteko iraupena daukan plana da honakoa eta urte hauetan zehar arlo desberdinetan “ekintza ezberdinak garatuko dira udalerrian” eta bi urteko denboran, gehienez, jarraipena izan dezan, txostena garatu beharko dute “plana izaten ari den inpaktua baloratu, inbentarioak eguneratu eta ekintzen egoera zehazteko”. Zehazki, hurrengoak dira plan integratu honekin lotu nahi diren onurak: “Energia-primario kontsumoaren eta Berotegi Efektuko Gasen murrizketa, Energia berriztagarrien ekarpenaren igoera, Tokiko garapen ekonomikoaren sustatzea eta kalitatezko lanpostuen sorkuntza, Nekazal eta baso kudeaketaren hobekuntza, espezie autoktonoak sustatuz, biodibertsitatearen hobekuntza eta ekosistemaren sendotzea eta bertako sorkuntza banatuaren sustapena”.
39 ekintza banatu dituzte 20 urtera begirako kronograma batean eta ekintza bakoitzaren lehentasunak markatzea gain, memoria teknikoa eta arrekontua ere badute, horrela, datozen urteetako norabidea diseinatuz. “Ekintza batzuk martxan daude, esaterako, eguzki instalazio fotoboltaikoei dagokienez, bihar emango diegu hasiera hauek jartzeko lanei herriko pilotalekuan”.
Ingurumen Batzordea. Lea-Ibarrako amankomunazgoak Ingurumen Batzordea sortu du, herrietako Plan Integralei begira, herrien arteko koordinazioa aurrera eramateko. Bost herrietako ordezkariek eta amankomunazgoko teknikariak osatzen dute batzordea eta etorkizunera begira, arlo honi dagokionez, lanpostu gehiago sortzea da beraien helburua: “Nahiz eta diru laguntzek baldintzatu, gure helburua, ingurumenari dagokionean, lanpostu publiko gehiago sortzea da, beharrezkoa baita aurrean dugunari aurre egiteko”.