Trinkete txapelketako partaideek Lekeitio ezagutu dute
Txapelketaz gain, urtero bisita kultural bat antolatzen dute Akarragei Pilota Taldekoek, Trinkete txapelketako partaideekin. Aurtengoan, Lekeitio ezagutzeko aukera eduki dute.
Lekeitioko Trinkete Txapelketak kirola sustatzeaz gain, kultur jarduerak ere sustatzen ditu. Izan ere, kirol txapelketa izatetik haratago, herrien arteko senidetza ere bultzatzen du: “Beteranoen txapelketa hau berezia da, zeren eta kulturak eta herrien arteko senidetzak ere euren toki garrantzitsua hartzen dute txapelketan”. Hala, urteroko hitzordua bilakatu den bisita kulturala zapatuan [irailak 21] eroan zuten aurrera Akarregi Pilota Taldekoek.
Iaz Ziortza-Bolibarko Simon Bolibar museoa eta kolegiata bisitatu zituzten, eta baita Markina-Xemeingo San Migel Arretxinagako ermita ere. Aurten, aldiz, Lekeitio bera ezagutzeko aukera eduki dute 11 partaidek: Nafarroako Basaburu bailarako hiru partaidek, Elgoibarko bik, Mendaroko eta Debako banak, eta Lekeitioko lauk.
Ibilbideari Arropainen eman zieten hasieta, eta Usotegi herritarren ortua izan zen lehenengo geldialdia. Handik Uriarte jauregia eta Dominikaren eliza ezagutu zituzten. Jarraian, Garratxeko koba eta Lumentxako tontorrera egin zuten ibilaldia. Harresia, Santa Elenako sosoaga dolarea, Mari errota eta Oletara arteko Lea Ibilbidea ere ezagutu zituzten. Ibilbide guztia, gainera, ahozko eta irudi bidezko azalpenekin osatu zuten, “gertakari garrantzitsuenak islatzeko inguru bakoitzean, eta atzean dagoen historia aberatsaz jabetzeko”.
Partaideek “oso pozik” amaitu zuten ibilaldia: “Biziki eskertu dute kirolaz gain Lekeitioren eta inguruaren ezagutza handitzeko izan duten aukera”. Egunagaz amaitzeko, mus txapelketa jokatu zuten lau bikotek; irabazleak Izarra (Lekeitio) eta Beraza (Elgoibar) izan ziren. Hala eman zieten amaiera aurtengo XVIII. Trinketeko beteranoen eskuzko txapelketari; Akarregi Pilota Taldeak urtarriletik aurrera ipiniko du martxan hurrengo edizioa.