Ziortzako Kontzertuak jaialdiko organo kontzertuak, sendotuta
Ziortzako Kontzertuen 36. aldia "oso ondo" joan da; bereziki azpimarratu dute organo kontzertuek hartu duten indarra. Eskualdeko erakundeekin lotura estuagoa eduki nahiko luketela adierazi dute.
Ziortzako Kontzertuek erantzun “oso ona” izan dute aurtengoan ere. Bai lehenengo asteburuan eta baita bigarrenean ere, jendez bete da Ziortzako Monasterioa. Antolatzaileek aurtengo kontzertuen balorazio ona egin dute: “Ikusle aldetik, oso ondo, oso pozik. Gero eta jende gehiago etortzen da, eta pozik gaude aurtengoa zelan joan den ikusita”.
Bi asteburu, sei kontzertu. Horixe da Ziortzako Kontzertuek eskaintzen duena duela hiru urtetatik. Aurretik, baina, lau kontzertu eskaintzen zituzten, asteburu bakoitzean bi; lau kontzertu izatetik sei izaterako erabakia hartu izana ere, “positiboki” baloratu dute. Domeka eguerdian eskaini dituzte, hain zuzen ere, organo kontzertuak: “Ziortzako organoa oso garrantzitsua da, eta gainera, bi organo daudenez, aukera ezberdinak ematen ditu. Hori balorean ipini nahi genuen”. Lehenengo aldietan jende gutxiago joaten zen arren, aurtengoarekin oinarri sendoak ipini dituztela sentitu dute: “Gero eta jende gehiago etortzen da, eta arrakasta handia dauka. Bi organo daudenez, bi eskutara jotzeko aukera ematen du, eta hori ikusgarria da ikusleentzat. Esan dezakegu emanaldi horiek jendearen artean finkotu egin direla, eta hori garrantzitsua da”.
Organo kontzertuez gain musika eskaintza zabala izan da. Elizako musika eskaini dute gehien bat, eta, besteak beste, Capella Sanctae Crucis taldeak eskainitako Ad Tenebras programa azpimarratu dute: “Aste Santuko programa berezi bat eskaini zuten, oso ona”. Bestalde, kontzertu instrumentalak eta ahotsezko kontzertuak ere eskaini zituzten, eta horien artean, Carlos Menaren kontzertua nabarmendu dute: “Carlos kontratenorea da, eta orokorrean, ez gaude kontratenoreak entzutera ohituta. Bere ahotsa zoragarria da, eta sekulakoa izan zen”.
Loturak sortzea, erronka. Jaialdia “oso ondo” joan den arren, hurrengo urterako helburu zehatz bat dute antolatzaileek: “Uste dugu, denon artean erronka handia daukagula. 36 urte daramatzagu, eta Lea-Artibai eskualdearekin lotura falta zaigula sentitzen dugu. Jende asko etortzen da, baina, erakundeekin nolabaiteko lotura falta zaigula sumatzen dugu. Ez diogu dirulaguntzen inguruan, baizik eta, beste lotura bat. Txikiak gara, eta bakoitzak ahal duena egiten du. Hor sakondu egin behar dugula uste dugu”. Hala, lotura horiek sortzea helburutzat hartuta antolatuko dute hurrengo jaialdia.