20. urteurrena ospatuko du Mutrikuko Kardala Akuikultura Eskolak
Goizean akuikultura produktuak erosteko aukera egongo da eta gero, 20 urtean zehar eskolaren parte izan direnak mahaiaren inguruan batuko dira elkarrekin bazkaltzeko.
20 urte beteko ditu ikasturte honetan Mutrikuko Kardala Lanbide Heziketako Akuikultura Eskolak, eta zapatuan [irailak 28] ospatuko dute urteurrena. Bertan batuko dira gaur egungo ikasle, irakasle eta eskolako parte diren lagunak, baita hogei urte hauetan bertan ibilitako beste hainbat kide ere.
12:00etan hasiko da ospakizuna bertaraturakoei harrera eginez eta goizean zehar akuikultura produktuak dastatu eta erosteko aukera egongo da: “Hossegorretik ostra ekoizle bat etorriko da eta Ipar Euskal Herriko arrandegi bateko amuarrain ketua jateko aukera ere egongo da. Horrez gain, edaria ere egongo da. Produktuak zuzenean erosteko aukera aparta egongo da zapatuan eta edonorentzako zabalik egongo dira ateak”. Bazkalorduan 100 lagun batuko dira baina honetan, 20 urte hauetan akuakultura eskolatik igaro direnak: “Urteurren birobila da aurtengoa. Ilusioz eta gogotsu gaude zapaturako, aspaldiko lagunekin egon eta denok batera urteurrena ospatzeko”.