Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatuko dute martitzenean Markina-Xemeinen
Mikel Odriozola medikuaren 'Zahartze osasuntsua' hitzaldia egongo da.
Urriaren 1a da Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna, eta hori aitzakiatzat hartuta bilduko dira datorren martitzenean [urriak 1] markina-xemeindarrak. Markina-Xemein Lagunkoia ekimeneko taldeak eta Beti Jai Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua, Markina-Xemeingo Udalagaz batera.
Hala, Beti Jai Elkartearen kanpoaldean elkartuko dira. 17:00etan Mikel Odriozola medikuak Zahartze osasuntsua hitzaldia eskainiko du. Ordubete inguruko hitzaldia izango da, eta jarraian luntxa edukiko dute bertaratzen direnek, musikagaz girotuta.
Gainera, Salvador Lakaren bertso bategaz luzatu diete gonbidapena jubilatu guztiei:
“Nazioarteko jubilatuen
gozameneko eguna,
aspalditxotik urrian bata izendatuta dagona,
paregabeko giro jatorra da
lagun arte txukuna,
jubilatuta bazaude
jakin gonbidatuta zaudena”.