ROALeko langileak kalera atera dira eskubide urraketa salatzeko
Berriatuko ROAL enpresaren aurrean jarri du hitzordua gaur [irailak 25] LAB sindikatuak, ondoren, industrialdeko sarreran burutu dute elkarretaratzea.
Gardotza Indutrialdeko ROAL enpresaren aurrean batu dira gaur goizean bertoko langileak, LAB sindikatuko kideekin batera, enpresa hortako langileen eskubideak urratuak izaten ari direla salatzeko. Behin ROALen geldialdia egin ondoren, industrialdeko sarreran elkarretaratzea egin dute, ordu erdiz: “ROALeko langileok, duela urte batzuk bezala, kalera irten gara gure eskubideak urratuak izaten ari direla salatzeko. Lehen hitzarmeneko baldintzak errespetatzen ez zirelako eta gaur ere bai, gure soldatak ordaindu ditzaten exijitu eta gure lanpostuak defendatzeko”.
Izan ere, enpresak lau urte “gogor” igaro dituela aipatu dute eta honen ondorioak langileek pairatu dituztela: “Aldi baterako erregulazio bukaezinak; hurrengo egunean lanera edo langabeziara joango ginen jakin gabe, soldatak kobratzerakoan atzerapenak, 2024ko hitzarmeneko %7ko igoera oraindik egiteko eta hitzarmenak diona baino 100 euro inguru gutxiago kobratzen. Eta orain, abuztuko soldata kobratu gabe gaude eta irailekoa ere ez omen dugu kobratuko”.
Beraien “lanpostuak mantendu eta duintzeko” helburuagaz egin dute lan urte hauetan, baina erantzuna ikusita, “nahikoa dela” ozen adierazi dute: “Ezin dugu horrela jarraitu! Enpresari dagokio erantzukizuna hartu eta egoera honi irtenbidea bilatzea. ROALek egiten duen lanaren %90, gutxienez, CIKAUTXO enpresarentzako azpikontratua da, eta jakin badakigu datorren astean biltzekoak dira. Berandu, abuztu hasieratik diru sarrerarik gabe baikaude”.
Langileek gogor salatu dute egoera eta kalean jarraituko dutela azpimarratu dute: “Badakigu gure lanpostuen etorkizuna kolokan dagoela, baina ez gara enpresaren erabakien zain geratuko, kalean egongo gara gurea denaren defentsan borrokan. Enpresaren errentagarritasuna ezin da langileoi lapurtuz mantendu, ez dugu horrelakorik onartuko. Gure eskubideak ez daude salgai!”.