Saguzarrak ikustera joateko irteera egingo dute zapatuan Aulestin
San Anton auzoko etxola bat egokitu dute Aulestiko Udalak eta EHUko zoologia saileko kideek, eta bertara egingo dute ibilbidea aulestiarrek. 18:30ean Aulestiko udal aretoan hitzaldi laburra eskainiko du Inazio Garin EHUko biologoak, eta ostean etxolara joango dira.
Saguzarrek “ospe txarra” duten arren, “oso garrantzitsuak” dira ekosisteman. Aulestin eurentzat bereziki prestatutako txoko bat izango dute hemendik aurrera inguruko saguzarrek. San Anton auzoan abandonatuta egon den etxola bat egokitu dute saguzarren babesleku izateko; izan ere, Lezateko kobazuloan eta Angiz baserrian desagertzeko arriskuan dauden eta kalteberak diren saguzarren koloniak daude. Etxola ikusi eta saguzarren ultrasoinuak detektoreen bidez entzuteko aukera egongo da zapatuan [irailak 28], 18:30etik aurrera, Aulestiko udal aretotik irtenda.
Aurretik, gainera, hitzaldi labur bat emango du Inazio Garin EHUko zoologia saileko biologoak. EHUko Zoologia Sailaren ekimenez hasi ziren, hain zuzen ere, lan honekin: “Eurak ipini ziren Aulestiko Udalarekin kontaktuan. Azaldu ziguten hainbat saguzar espezie daudela Lezateko kobazuloan eta Angiz baserrian, eta egoera zein zen ikusita, etxola hori birgaitu eta euren kolonia hor birkolokatzea izango zela helburua”. Hori horrela, lanak bi fasetan eroan dituzte aurrera: lehenengo fasea iazko urte hasieran egin zuten, eta bigarrena, berriz, aurtengo maiatzean amaitu dute.
Angiz baserritik etxolara 560 metroko distantzia dago lerro zuzenean, eta handik 100 metrora dago Lezate kobazuloa. Bi toki horietan ez ezik, inguruetako eraikin abandonatuetan ere egon ohi dira saguzarrak trantsizio eta hazkuntza garaian, eta baita birgaitu duten etxolan ere. Hala ere, beharrezkoa izan da birgaitzeko proposatutako eraikina egokitzeko eraberritze lanak egitea, baserria ordezkatuko duen giroa lortzeko. “Txapa galbanizatuko eta margotutako bi ate ipini dira, eta kableak pasatzeko habeak itxi dira barrutik. Azkenik, eraikina berdez margotu da kanpotik, saguzarren irudiekin, eta informazio panel bat ipini da Lea Ibilbidean”, azaldu dute udaleko ordezkariek. Hala, lanek 10.000 euroko kostua izan dute.
Espezie garrantzitsuak. Aulestin aurkitutako saguzarrak ez dira nolanahikoak. Hiru espezie aurkitu dituzte: Rhinolophus Ferrumequinum, Rhinolophus Euryale eta Myotis Emarginatus. Lehenengoa eta azkena kalteberak dira, eta Rhinolophus Euryale, aldiz, desagertzeko arriskuan dago. Lehenengoari dagokionez, Europako espezie handiena da, eta Iberiar Penintsulan 40.000 eta 50.000 artean daudela kalkulatzen da. Bigarren espezieari dagokionez, aldiz, Iberiar Penintsulan 35.000 banako baino gutxiago daude. Myotis Emarginatus espeziearen populazioa ezin izan da kalkulatu. Izan ere, neguan sakonki ezkutatzen da eta ez da berriro babeslekuetan ikusten udaberrira arte; hala ere, joera atzerakoia duela ondorioztatu dute adituek.