Berritasunekin dator 40. Urriko Azoka Nagusia
Urriaren 12an 10:00etatik 15:00etara egingo dute Markina-Xemeinen, eta gaur [irailak 26] egin dute aurkezpena Ispasterko kultur aretoan.
Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteak, eskualdeko udal guztiek eta Mallabiko Udalak 40. aldiz antolatu dute Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia. Aurten urriaren 12an 10:00etatik 15:00etara egingo dute, Markina-Xemeinen. Zenbaki borobila izanik, antolatzaileek berritasunak sartu dituzte herritarren gozamenerako. Gaur [irailak 26] Ispasterren elkartu dira Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateagaz batera gainontzeko herrietako alkateak ere, eta baita Iosu Ogiza Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteko presidentea eta Andoni Agirrebeitia BFAko Nekazaritzako zuzendaria ere.
Urriko Azoka Nagusia “erreferentea” da eskualdean, baina haratago ere badoa: “Eskualdean ez ezik, Bizkaia osoan da erreferentea. Udal guztien izenean lehen sektorearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Oso garrantzitsua da eskualdeko garapenerako, eta baita eskualdeko biztanleen ongizatea ziurtatzeko ere”. Lehen sektoreak eskualdeko ondarea, tradizoa, kultura eta paisaia babesteaz gain, ekonomia ez ezik, eskualdearen nortasuna eta ingurune naturala ere babesten dituela goraipatu du Saenz de Buruagak.
Eskualdeko udalek lehen sektorearekiko duten konpromisoa berretsiz, Landa Garapenaren Alkartetik gauzatzen diren proiektuei “babesa eta laguntza” ematen jarraitzeko deia egin dute. Hala, eskualdean landa ekonomiaren hazkundea bultzatu ahalko da, eta hori da, hain zuzen ere, Landa Garapen Alkartearen helburua: “Horren adibide da Hamen Bertokoa proiektua, eskualdeko produktuak berton kontsumitzea bultzatzea duena helburu. Elkartearen beste ildoetako bat ekoizleei salmenta zuzenak egiteko aukera ematea da. Horrela bada, Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Alkartea da, Urriko Azoka Nagusiaren antolaketaren arduran dagoena, bazkideen babesarekin”.
Ia 90 postu. Hori horrela, faltako ez direnak eskualdeko produktuak izango dira. Hain zuzen ere, Landa Garapenerako Alkartetik Lea-Artibaiko “ekoizle, abeltzain eta gastronomiaren erakusleiho” izate nahi dute beste behin ere. Horretarako, mota guztietako 84 postu jarriko dituzte Zelaian.
Bertan, baserriko produktuak “dastatu eta erosteko aukera” izango dute herritarrek eta, ohi bezala, sari ezberdinak banatuko dituzte fruta eta ortuari posturik onenen artean. Alde batetik, barazkiak, frutak, gaztak, eztia, baserriko ogia eta gozoak, sagardoa eta halako beste hainbat jaki erosi ahalko dira nekazaritzako postuetan; guztira 40 ekoizle inguru egongo dira zuzeneko salmenta egiten.
Bestalde, artisautzari dagokionez, artisau produktuak eta nekazaritzako tresnak ere egongo dira erakusgai eta salgai. Era berean, bertan egongo dira zenbait elkarte ere, euren jarduerak ezagutzera ematen. Hala, 30 inguru izango dira artisauak: euskal pilotak, zeramikazko lanak, egurrezkoak, bitxiak, harria, artilea eta beste hamaika produktu eroango dituzte saltzaileek. Nekazaritzarako tresnei dagokienez, bi tresna saltzaile eta makila saltzaile eta zaldientzako tresna saltzaltzaile bana egongo dira.
Gainera, urtero bezala, Bizenta Mogel parkean eskualdeko abereen erakusketa eta lehiaketa egingo dute. Askotariko animaliak ekarriko dituzte Urriko Azoka Nagusira: behiak, ardiak, zaldiak, euskal oilo eta oilarrak eta euskal arrazako beste animalia batzuk ere antzarrak, astoak, txakurrak eta ahuntz azpigorriak. Hori horrela, behi eta idiekin hamabost abeltzain egongo dira, zaldiekin, hamabi abeltzain eta ardiekin, hamar.
Berritasunak. Ahalik eta jende gehien hurbiltzeko esperantzagaz, antolatzaileek zenbait berritasun sartu dituzte. Aurten lehenengoz, bisitarientzako aparkatzeko eremu berria zabalduko dute Kareaga industrialdean eta doako autobus zerbitzua eskainiko dute bertatik azokara joateko.
Markina-Xemeingo Leartiker Esneki Zentroak ere, berritasun moduan, bertan egongo da: azokan aurkitu daitezkeen produktuekin dastaketa gidatu bat eskainiko dute Zelaian.
Gainontzekoan, herritarrek nahiz inguruetako biztanleek gustura hartzen dituzten ekintzak egongo dira. Trikitilariek, nola ez, ez dute hutsik egingo: “Kalerik kale giroa alaitzen ibiliko dira, eta 12:00etan bertsolariez gozatzeko aukera egongo da zelai inguruan”. Umeekin joaten direnek ere edukiko dute zer egina. Izan ere, 12:30ean txikienei zuzendutako familientzako herri kirol parte hartzaileak egingo dituzte, gune berean.
Ostean helduko diete, abereen lehiaketako eta ortuari eta fruta posturik onenen lehiaketako sari banaketari. Bai bateko eta bai besteko epaimahaia 10:15ean hasiko da euren lanagaz. Hala, Lea-Artibaiko abereen lehiaketako sari banaketa 13:00etan egingo dute. 14:30ean, berriz, ortuari eta fruta posturik onenaren sariak banatuko dira.
Eroslerik ez da faltako urriaren 12an Markina-Xemeinen, baina, Hamen Bertokoa proiektuaren parte direnen postuetan erosten dutenek otzaren zozketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Hamen Bertokoa otzarak izango dira zozketatuko dituztenak, 14:30ean. Hala, horrekin emango diote amaiera 40. Urriko Azoka Nagusiari.