Mendia, kultura eta jaia uztartzeko momentua
Etzi [irailak 29], III. Txaratrail, Txara Martxa eta Txaramotx mendi lasterketa eta martxak egingo dituzte. 200 lagun inguru biltzea espero dute.
Mendizaleek galdu ezinezko hitzordua edukiko dute Arretxinagako San Migel jaien ospakizun egitarauan. Domeka goizez, Markina-Xemeingo Aringa-Aringa taldeak antolatuta, Txara Trail, Txaramartxa eta Txaramotx mendi ibilbideak prestatu dituzte. Kirola eta mendia kulturagaz eta jaiagaz ezkondu asmoz dator hirugarren ekitaldia, beste urte batez. Antolatzaileek ibilbide bi prestatu dituztela azaldu dute, luzea eta laburra, martxak eta lasterketak egiteko. Azaldu dutenez, parte hartzaileek egunean bertan erabaki ahalko dute zein egin gura duten.
Aurten, aldaketa bat edukiko dutela aurreratu dute: irteera eta helmuga eremuaren kokalekua. Xemein ibilbide inguruan prestatuko dute azpiegitura guztia: “Parte hartzaileek ibilbideak amaituko dituzten eremuan bertan edukiko dituzte dutxak, podiuma, amaierako anoa postua eta beharrezko guztia. Lea-Artibai Ikastetxean dutxatu eta arropaz aldatu ahalko dira, erosotasun osoz, eta jaia egongo den eremutik oso hurre”.
Oinez nahiz korrika.
Mendi lasterketa bi egongo dira: batetik, 09:30ean, Txara Trail proba egongo da, 21 kilometrokoa eta 1.300 metro positiboko desnibelduna; bestetik, 10:00etan Txaramotx lasterketa egongo da, 10 kilometrogaz eta 600 metro metatugaz. Horiez gain, geldiroxeago ibili gura dutenek Txaramartxaz gozatzeko aukera edukiko dute: 08:00etan hasiko dira oinez, eta aipatutako bi ibilbideen artean aukeratu ahalko dute martxalariek.
Ibilbide “ikusgarriak, gogorrak eta denetarik dutenak” prestatu dituzte: “Mendi bideez, bidezidorrez, belardiez eta mendiguneez gozatu ahalko dute mendizaleek”. Zapola inguruan, esate baterako, 36ko gerraren sasoiko bunkerretatik igaroko dira eta, gainera, lubaki baten barruan korrika egiteko aukera ere edukiko dute: “500 metroko lubakia da, gerran baliatu zutena; horrelako elementuek zentzu eta erakargarritasun berezia ematen diote probari”. Gune horretatik pasatu ahalko dira bi ibilbideetakoak. Horren ostean, Txaramotxeko partaideek Markina-Xemeinerako bidea hartuko dute zuzenean, ezkerretara eginez; aukera luzea hautatzen dutenek, aldiz, mendira joko dute, tartean, “pagadi txundigarri batetik igaroz”.
Jantzileku izeneko eremutik iritsiko dira martxalariak eta lasterkariak Santa Eufemiko zelaira. Jarraian, zuzenean mendi horren tontorrean dagoen baselizaraino igoko dira, ostean Bolatokira eta Belartzandira jotzeko. “Egundoko ikuspegia” topatuko dutela azpimarratu dute. Jaitsierari dagokionez, Hariztieder aldetik eta Gabaroko koba ingurutik egingo dute. Dena ez dute, baina, beheranzkoan egingo: «”aitsiera erdian, igoera labur baino oso piko bi aurkituko dituzte, helmugaratu orduko”.
Bai aukera laburra hautatzen dutenek, bai luzekoek hainbat anoa postu edukiko dituzte bidean. Horietako batzuk likidoak izango dira, eta beste batzuk, ostera, solidoak eta likidoak. Ibilbide luzeko mendizaleek hiru anoa postu likido izango dituzte, eta solido nahiz likido bi.
Aurreikuspen onak.
Mendizaleek “erantzun ona” emango duten iragarpena egin dute Aringa-Aringako taldekoek: “Lasterketak eta martxak batuta, 200 lagunetik gora elkartzea aurreikusten dugu; kopuru oso polita da. Azkenengo hiru urteotan, herritarrak izugarri gozatzen ikusi ditugu, eta egitasmoa modu ederrean hazi da; horrenbestez, aurtengo ekitaldia ere gutxiagorako ez izatea espero dugu”. Gainera, kirol ekimena jaiagaz nahastea bertaratzen direnentzako egunpasa aukera “aparta” izango da: “Mendiaz gain, Arretxinagako jaietako giroaz gozatu ahalko da”.