Tradiziozko ekintzak berreskuratuko dituzte Arretxinagako jaietan
Gaur hasi eta domekara arte luzatuko dira Arretxinagako jaiak. San Migel Egunean aginte makila trukaketa egingo dute.
Udak bere onenak eman dituen arren, eskualdeko jaiek ez dute etenik, eta markina-xemeindarrentzat jaia hasi besterik ez da egin. Gaur hasi eta domekan amaituko dituzte Arretxinagako San Migel jaiak; domeka izango da egunik handiena, San Migel eguna ospatuko baitute. Hala, aurtengoa goi-goitik ospatzeko asmoz, Arrexe Kultura Batzordeak tradiziozko hainbat ekintza berreskuratu ditu.
Gaurkoa izango da, zalantzarik barik, festazale direnentzat egunik aproposena. Izan ere, 23:00etan hasi eta 05:00ak jo arte musikak ez du etenik izango. Jaiei hasiera emateko Hamarretan Makulu taldea igoko da oholtzara. Jarraian, Eider bakarlariaren txanda izango da, eta gaurkoagaz amaitzeko, Zirkinik Bez erromeriaren txanda izango da.
Bihar goizean gaurko festatik errekuperatzeko denbora egongo da, baina arratsaldean dena emanda egongo dira herritarrak. Umeak izango dira protagonista arratsaldeko lehenengo zatian, 17:00etan egongo den Pirata garrapataren abenturak antzerki saioagaz. Jarraian, Markina-Xemeingo Dantza Solte Txapelketa egingo dute: zortzi izango dira partaideak, Azpeitia, Bergara, Lezo eta Sopelakoak.
Txapelketa ikusita gogoz geratzen direnek ere iluntzean edukiko dute dantzarako aukera: “Zerbait dinamikoa ekarri nahi izaten dugu, jendea dantzan ipiniko duena, baina formatu informal batean. Eingo etorriko da; hemen inguruko herrietan ikusi ditugu, eta giro polita sortzen dute”.
Euren ostean, berriz, jada ia tradiziozkoa bihurtu den antzerki saioa egongo da. Aurtengoan, Itxaso Payak eta Maria Riverok eMcumeak antzezlana eskainiko dute: “Duela 30 urte edo hasi ginen antzezlan bat ekartzen, eta nabarmendu nahi dugu mantendu egin nahi dugula. Aurtengoa apustu oso indartsua da, eszenografia behar handiak dituena. Aurten berriro antzerkia zapatura pasatu dugu, ze, antolatzaileok arinago amaitu behar dugu egun horretan, eta horregatik ipini dugu erromeria barikuan”. Bihar, beraz, arratsalde “bete-betea” edukiko dute aurretik herritarrek.
Ikuskizuna, ziurtatuta. Egun handia, San Migel Eguna, domekan izango da aurten, eta horrek tradiziozko ekintza bat berreskuratzea dakar: “Duela 24 urte, 2000. urtean, erabaki genuen San Migel Eguna domeka denean ekitaldi berezia egingo genuela. Markina eta Xemein independenteak ziren garaitik dator”. Hori horrela, goizean Aringa-Aringa MX taldeak antolatu duen Txara Trailaren ostean ekingo diote ekitaldi horri. 10:30ean Markina-Xemeingo gaur egungo hiru ordezkari abiatuko dira Goiko Portaletik, Zerutxukoekin eta txistulariekin, eta aldi berean abiatuko dira Jai Batzordeak aukeratutako beste hiru ordezkariak, erraldoiak eta gaiteroak, Arretxinagako plazatik: “Arretxinagatik irtengo diren ordezkariak duela 49 urte Xemeingo jaiak berreskuratzeko lanean aritu ziren hiru dira. Arretxinagako zubi zaharrean elkartuko dira bi taldeak, eta aginte makila trukatuko dute. Handik Arretxinagako baseliza aurrera joango dira, eta Zerutxuko dantzariek egindako arku baten azpitik pasatuta, nahi duena mezara sartu ahalko da”.
Zerutxuren Mahai Gainekoarekin amaituko dituzte jaiak.
Meza ostean ere tradiziozko ekintzek jarraituko dute, Zerutxuk eskainiko duen Xemeingo Ezpata Dantza eta Aurreskuagaz. Euren ostean, berriz, Andoni Ollokiegi egongo da.
Tartean, urteroko XIV. Tortilla Txapelketa lehiatuko dute: “Jendeak parte hartzea eskertuko genuke, ze, egun horretan guk ez daukagu ahalmenik tortilla pila bat egiteko”. Hori horrela, 11:30erako aurkeztu beharko dira etxean egindako tortillak; 6-8 arrautza, patata eta tipula (aukeran) erabili beharko dira. Tortillarik onenak Hemen Be Bai Elkarteko komertzioetan erabiltzeko 75 euroko bonua jasoko du, baina partaide guztiek jasoko dute sariren bat.
Arratsaldea, berriz, “aspaldi” egin ez den ekintza bat berreskuratuz hasiko dute: giza proba. Aitor Etxaniz Olazarregaz batera ibiliko dira “sekula plazan ibili gabeko” bi partaide ere: Markel Egurrola Adorrixa I.a eta Julen Olabarria Olaitu. Ikuskizuna ziurtatuta, kinielak egiteko aukera ere egongo da.
Gelditzeko astirik barik, Zerutxuk urtero egiten duen Mahai Gainekoaren aurretik, “kontzertu handi bat” egongo da: Kalakan. Hala, musika eta dantza artean emango diete amaiera aurtengo jaiei.