Udazkena dagoeneko
Euskal Herriko paisaia ikusgarriak, agerian daudenak eta ezkutuan egon nahi dutenak bildu ditu Paul Etxebarrietak, Road Bidea proiektuan. Orrialde honetan zentzumenak pizten dituzten argazki horietako batzuk bildu ditu HITZAk.
“Hemen nator Naturan Barrenaren 7. argitalpenerako prest», dio Etxebarrietak: «Oraingoan ere sei argazki aukeratu ditut. Dagoeneko udazkenean sartu gara, niretzat urteko denboraldirik politena. Udazkenean gure mendi eta basoek kolore ederrak hartzen dituzte; hau da, zuhaitzek distira handiz beraien hostoak zimeltzen dituzte, egunsentiak behe-lainoz estaltzen ditu zelaiak eta basoak, gauak hotzak izaten hasten dira, izarrez beterikoak, euritsuak… Negua igarotzeko animalia asko janari bila hasten dira, eta beraien txokoak prestatu egiten dituzte. Beste batzuentzat, ugaltze garaiaren seinale izaten da. Oreinen kasuan, «marrualdia» deituriko garaia hasten da; orein ar nagusiak bere emearen alde defendatzen eta borrokatzen duen bitartean, burrunba baten hots soinuekin osatzen dira naturaren esentziak”.
“Beste alde batetik, basoetan lora eder batzuk ateratzen hasten dira, onddoak deiturikoak, eta honek gure ingurunean bizitasun handia dagoela adierazten digu”.