Andraetxeko kideak "gogotsu" daude ikasturteari heltzeko
Goiko solairua inauguratzeagaz batera, ikasturtearen norabidea finkatu dute.
Barikuan [irailak 27] elkartu ziren Andraetxeko bazkideak goiko solairua estreinatu eta ikasturtearen norabidea finkatzeko. Hala, “oso pozik eta gogotsu” daude ikasturteagaz hasteko: “Gogotsu gaude gauzei forma emateko eta gauzak egiteko”. Erritual bat egiteagaz batera eman zieten ongi etorria espazio berriari, eta gero, ikasturteko hiru ikastaroei buruzko informazioa eman zuten. Era berean, urteko txandak ere bete zituzten bazkideek; gogorarazi dute txanda bidez aurten eguenetan zabalduko dutela Andraetxea.
Mokadutxoagaz eman zieten amaiera goiko solairuaren inaugurazioari, eta “gustura” geratu ziren ekitaldiagaz: “Herri feminista eraikitzeko bidean gure aldetik ere geure hondar alea ipintzen ari gara. Espazioarekin gustura gaude, argitsua da eta energia onak transmititzen dizkigu. Gogoz gaude lanean jarraitzeko”.