Aranguena eta Artiatx, Tontorramendin nagusi
Julen Aranguena kortezubitarrak eta Maialen Artiatx elorriarrak irabazi dute Tontorramendira Igoera.
Zapatuan [irailak 28], Tontorramendiko Igoeraren XI. aldia lehiatu zuten. Aurtengoa berezia izan da, Ondarroako lasterketa Igoera Herrikoien Ligarako proba puntuagarria izan baita. Parte hartzaileek Ondarroako gaztetxea irteera eta Tontorramendi gailurra helmuga zuen ibilbide gogor, eder eta esplosiboari aurre egin behar izan zioten; 2,6 kilometroko lana eduki zuten, 421 metroko desnibel metatuagaz. Ia 50 parte hartzaile elkartu ziren irteera lerroan, eta jai giro aparta egon zela nabarmendu dute Ondarroako Gazte Asanbladako nahiz Aurrera Mendi Taldeko antolatzaileek.
Gizonezkoen artean bizkorrena Julen Aranguena kortezubitarra izan zen. Aranguenak sasoi puntu aparta bistaratu du azken lasterketetan, eta Ondarroan jarraipen ederra eman zion; 15 minutuan gelditu zuen erlojua. Jarraian helmugaratu ziren, hurrenez hurren, Iñigo Lariz elgoibartarra eta Imanol Goñi natxituarra; lehenengoak 15.16ko denbora egin zuen, eta bigarrenak, aldiz, 15.24koa. Emakumezkoen lehiari dagokionez, Maialen Artiatx elorriarrak, 22.01eko denboragaz, bere legea ezarri zuen Tontorramendiko maldetan: 25 segundoko arrakala egi zuen helmugan bigarren sailkatu Nahia Elezgarairekiko (22.26); emakumezkoen podiuma Idurre Martin ondarrutarrak osatu zuen, 245.39koagaz.
Igoera Herrikoien Ligaren bigarren ekitaldia oraindik zabalik dago. Izan ere, proba bi falta dira egutegia borobiltzeko. Batetik, datorren domekan [urriak 6], Ereñok Ereñozarrera Igoera hartuko du; azken proba Elantxoben lehiatuko dute, eta abenduaren 6ko Kaltzadan Gora lasterketa izango da.
Hilabete osoko jarduna.
Tontorramendira Igoerak hasiera eman zion, zapatuan, II. Mendi Hilabeteari. Irailaren 28a eta urriaren 12a bitartean, hainbat ekimen egingo dituzte, betiere mendia ardatz hartuta. Hilaren 4an, 19:00retan, Kharut II izeneko bideo emanaldia eta berbaldia emango dute. Urriaren 11n, beste hitzaldi bat emango dute, toki berean: Elikaduraren garrantzia mendi lasterketetan. Horrez gain, urriaren 12an, 09:00retan, mendi ibilaldia eta mokadua egingo dituzte, Alamedan hasi eta amaituta.