Herri kirol artean igaro dira San Jeronimo jaiak
Asteburua jai giroan igaro ondoren, gaur emango diote amaiera Mutrikuko Mijoa auzoko San Jeronimo jaiei.
Tradizioari eutsiz, mezarekin eman diote hasiera San Jeronimo egunari Mutrikuko Mijoa auzoko bizilagunek. Zapatuan [irailak 28] hasi eta gaur arte [irailak 30], festak ez du izan etenik, eta Jai Batzordeko kideek jaien inguruko balorazio “positiboa” egin dute.
Gaurkoan ere, herri kirol erakustaldiaren txanda izan da. Esatariak herri kirolariak aurkeztu bitartean, oholtza gainera igo dira protagonistak; Mikel Agirre Unamuno, Hodei Ezpeleta Lopetegi Unai Osa Arriola, Uxue Urruzuno Pagoaga, Patxi Ituarte Salegi eta baita, auzoko gaztetxoenak ere. Mikel Agirre eta Hodei Ezpeleta izan dira erakustaldiko lehenengoak, eta bi aizkolariek, “sekulako” erakustaldia eskaini dute, izan ere, lehenengo txandan, 52 aizkorakadaz erdibitu du enborra Agirrek, eta 54 aizkorakadaz Ezpeletak. Jarraian, Unai Osa Arriola harri jasotzailearen txanda izan da, eta bi minututan, hamahiru aldiz igo du 100 kiloko zilindroa, erakustaldi “ederra” eginez. Aizkolarien bigarren txandan denbora neurtu du epaileak, eta Ezpeletak minutu bat eta hamasei segundo behar izan ditu enborra zatitzeko, Agirrek berriz, minutu bat eta 57 segundo.Â
Aurrera jarraitu du erakustaldiak eta ginkana bat egin dute kirolari guztien artean, bi talde osatu eta ergometroa eta txokor batzea gehitu diote ginkanari. Ergometroan Uxue Urruzuno Pagoaga eta Patxi Ituarte Salegi auzotarrak ibili dira, buru belarri. Txokor batzea berriz, auzoko gaztetxoek egin dute, eta “sekulako grina” jarri diote korrikaldiari. Behin herri kirolak amaitu ondoren, zozketa egin dute saldutako tiketen artean.Â
Aurreko egunak. Giro “paregabean” igaro dituzte San Jeronimo jaiak auzotarrek, zapatuan hasi eta gaur arte. Herri kirolek beti izan dute garrantzi berezia Mijoa auzoan, eta aurtengo jaietan ere, nabaritu da. Izan ere, egunero izan dute herri kirolen erakustaldiren bat, adin guztietako lagunekin. Zapatuan esaterako, crossfita eta herri kirolak uztartu zituzten: “Umeentzako cossfiteko entrenamendu bat egon zen lehenengo, eta ondoren, halterofilia erakustaldia egon zen, Miren Galarragaren eskutik eta gonbidatu bezala Cossfit Anbotoko Xabier Osa etorri zen, Galarragarekin batera erakustaldia egitera. Bukatzeko, Crossfit Lumako Oinatz Aulestia Alkorta, Josu Astorkia Arza eta Miren Galarraga Zubizarretak, Mutriku Sokatira Taldeko Jone Uria Ibarluzea, Aitzol Etxebarria Elu eta Eneko Urkiola Elurekin batera, cossfita eta herri kirolak uztartuz, saio bat eskaini zuten”. Giro “oso ona” egon zela azpimarratu dute antolatzaileek, baita hurrengo eguneko auzotarren bazkarian ere: “Zerbait berria egin nahi genuen eta bi kirol hauek uztartuta, lortu genuen. Gauean auzotarrak egon ginen Itzal erromerian eta gure artean giro paregabea izan genuen. Domeka goizean, umeentzako mahai jokoak izan genituen eta umeak zein helduak, denok ibili ginen. Ondoren, berriro herri kirolak izan genituen, umeentzako, eta jarraian, auzo bazkarian batu ginen auzotar guztiok”.Â