Urriaren 19tik 27ra ospatuko dute Lea-Artibai Fest
Zazpigarren urtez antolatu du Leartibai Fundazioak eta askotariko ekintzak egingo dituzte. Ekintza batzuetarako izen ematea beteta dago dagoeneko.
Leartibai Fundazioak VII. Lea-Artibai Fest egitasmoa ospatuko du urriaren 19tik 27ra. Hain zuzen ere, bi asteburutan eskualdeko herri desberdinetan askotariko ekintzak antolatuko dituzte, eskualdeko “izaera” zabaltzeko. “Helburua da eskualdeko baliabide ezezagunenak modu ludiko eta lasaietan ezagutaraztea”, adierazi dute.
Urriko azken bi asteburuetan parte hartzaileek eskualdeko geologia, kultura eta gastronomiaz gozatu ahal izango dute egingo dituzten sei ekintza desberdinetan. Urriaren 19an, zapatuan, emango diote hasiera VII. Lea-Artibai Festeri. Ispasterren elkartuko dira 10:30ean, eta gosaria herriko tabernan hartu eta gero ibilbide geologikoa egingo dute Ogella bisitatuz. Arratsaldean, berriz, Lekeitiora jaitsiko dira eta Lumentzako altxorretatik bisita gidatua egingo dute. Eguna amaitzeko Atea tabernan indarrak berreskuratuko dituzte. Antolatzaileek esan dute ibilbidearen zailtasuna ertaina dela, eta hobe dela mendiko zapatillak eta bastoiak eramatea.
Hurrengo egunean, urriak 20 zapatua, Ondarroako kaleetatik bisita gidatua egingo dute 11:00etatik aurrera, baita arrain dastaketa ere. Markina-Xemeinen jarri dute hitzordua 16:00etan. Argazkizaleek argazki rally interesgarri bat egiteko aukera izango dute herriko ondarea ezagutzen duten bitartean. Ondoren, Urko Ibilbidean zehar Etxebarriko Antsotegi Hotelera helduko dira, non eskualdeko produktuak dastatuko dituzten.
Bigarren asteburuan, berriz, urriaren 26an, Lekeitioko Lea.Troniken 6 urtetik gorako umeek tinta, soinu eta faru tailerra izango dute, 11:00etatik 13:00etara. Urriaren 27an, domekan, ostera ere toki eta ordu berean elkartuko dira Eskafandra estenopeikoa izeneko tailerra egiteko.
Ahalik eta arinen. Lea-Artibai Festeko jardueretan interesa dutenek eta parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute. Horretarako, Leartibai Fundazioaren webgunea jarri dute erabilgarri. Era berean, bertan ekintza bakoitzaren xehetasunak daude azalduta. Horrez gain, informazio gehiago edo zalantzaren bat izanez gero, Leartibai Fundazioarekin jarri daitezke harremanetan 94-616 91 72 telefono zenbakian. Jarduera batzuetarako tokiak beteta daude dagoeneko.
Jarduera guztiak Leartibai Fundazioak antolatzen ditu, tokiko enpresekin elkarlanean, eta Hamen Bertokoa zigilupean produktu dastaketak egiten dira: “Lea-Artibaiko aberastasun gastronomikoa balioztatzeko tokiko ekoizleak biltzen dituena”. VII. Lea-Artibai Fest Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta dago.