Palestinaren aldeko aldarrikapenek hartu dute eskualdea
Lekeition atzo [urriak 7] elkartu ziren hainbat herritar, Palestinari babesa adierazteko asmoz. Ondarroan aldiz, ekimena egin dute gaur, genozidioa salatzeko.
Atzo [urriak 7] bete zen urtebete palestinar herria berriro ere altxatu zenetik, eta ordutik Israelgo armadak ez du Gazako zerrenda erasotu baino egin, herria defendatzeko eskubidea duela arrazoituz. Horri erantzuna emateko asmoz elkartu dira eskualdeko herritarrak. Lekeition, esaterako, atzo [urriak 7] elkartu ziren herritarrak, eta Ondarroan, aldiz, gaur [urriak 8].
Lekeitioko Palestinaren Aldeko Elkartasun Taldeak deituta, 175 pertsona inguru elkartu ziren atzo Lekeitioko Eskolapean, Palestinar erresistentzia aurrera lemapean. Hala, elkarreataratzeagaz hasteko “Palestina askatu!”, “estatu sionista, estatu terrorista” eta “gora herrien erresistentzia” bezalako oihuek hartu dituzte herriko kaleak. Jarraian, Ume Gaiztuak taldearen Palestina abestia jo du herriko talde batek, bertaratu zirenen laguntzagaz.
Bi hitzartze ere egin zituzten Lekeitioko Elkartasun Taldearen izenean: “Lehenengo hitzartzean 2023ko urriaren 7tik gaur arte Israelek buruttako genozidioaren datuak nabarmendu genituen, eta Palestinar herriari zein bertako erresistentziari elkartasuna adierazi genion”. Lehenengo pertsonako testigantza batek ere bere lekua izan zuen ekitaldian, izan ere, Mohammed el-Kurd gazte palestinarraren Rifqa liburuko Honengatik egiten dugu dantza olerkia irakurri zuten, “Palestinako herriaren sufrimenduari hitzak ipiniz”.
Bigarren hitzartzean, aldiz, Palestinako egoera munduko egoeraren testuinguruan kokatu zuten: “Hain zuzen ere, Ameriketako Estatu Batuek gidatutako inperialismoaren hegemoniaren zein kapitalismoaren krisi garaian, botereari mundu osoan zehar gudak zabaltzea besterik ez zaio gelditzen, boterea mantentzen saiatzeko”. Hitzartzeagaz amaiatzeko, aldarrikapen argi batek hartu zuen Eskolapea: “Palestinaren zein Libanoren auzia konpontzeko, ezinbestean, Israel proiektu koloniala desagertu behar da. Elkartasun internazionala aktibatu eta indartu behar da”.
Hala, Lekeitioko ekitaldiagaz amaitzeko Kofia musika taldearen Leve Palestina abestiaren euskarazko moldaketa abestu zuten, musikari eta herritarren parte hartzeagaz.
Urte bat, 42.000 hildako. Ondarroan ere, urtemuga gogoratuz, Gernika-Palestina plataformak egindako deialdiagaz bat egin dute. Urriaren 21ean Euskal Herriko herri guztietan mobilizazioak antolatzeko deia egin du plataformak, eta horren harira, gaur [urriak 8] ekimena antolatu dute Ondarroan. “Mugarik gabeko Israelen inpunitatea” salatzeko, hain zuzen ere, Palestinako bandera bota dute Ondarroako eliza azpitik, eta beheko zelaian sarraskia irudikatu dute. Horrez gain, urte bete honetan suntsitutakoaren datuak bistaratu dituzte ekimenean: “Gazako azpiegituren %70 suntsitu ditu Israelek, 42.000 pertsona hil dira Gazan. Israelen erasoen ondorioz, eta 173 kazetari erail eta 183 hedabide egoitza suntsitu”.